Udamineko ufada zakarren hatzaparretan harrapaturik, eta azken bozetatik honat hilabete baino gehixeago joan den honetan, ez dut inon irakurri gertaturiko hondamendiari buruzko azterketa sakonik; hau da, bertzeak bertze, zer dela-eta itzuli diren PSNra duela lau urte Podemos bozkatu zuten gehienak edo, bertzela erranik, zergatik ez zituen jende horrek aukeratu laukoan zeuden bertze taldeak. Azkenaldian belarriak pixka bat luzaturik, iduri luke jende frankok bazekiela hori gertatuko zela, orojakileak aunitz eta plantakoak baitira toki guztietan: “Nik banekien?”, “argi zegoen?”, “begi-bistakoa zen?”. Azterkizun dago, bertzalde, foru gobernuaren edota aldaketaren aldeko udal gobernuen -Iruñekoaren, bereziki- zer erabakik uxatu dituen boto-emaileak. Euskarari buruzko erabakiek? Iruñeko haur eskolen aferan erdal ereduko familiak lekualdatu izanak? Amei errenta-zergaren gaineko sosa itzuli ez izanak? Ongi legoke galdera horiei eta bertze hamaikari erantzuten saiatzea, zer gizarte klase dugun hobeki jakiteko. Bitartean, ongi legoke eskuindarrek tokirik izanen ez duten foru gobernua osatzea. Bertzenaz, badakigu zer etorriko den. Ikusi bertzerik ez baitago orain arteko hautetsi eskuindar gorenak darabilen jokamoldea, hiriburuko alkateak, alegia. Ez da batere harritzekoa. Ezagutzen dutenek argi dute oposizioan emaniko urteetan muturrera jo duela eta zakartu ere egin dela. Hasieratik beretik erakutsi nahi izan du jaun eta jabe dela. Sanferminak bertan egonik, burua oso hotz eduki beharko da alkateari jokoa ez egiteko, ederki moldatzen baita hark berak eragindako giro nahasian eta larri ibili ez ote dituen bazterrak inarrosi nahi, bere hamahiru zinegotzien indarrak hauspoturik eta harropuzturik. Hortaz, kontrapisu egokia behar da Diputazioaren Jauregian Udaletik datorren sapa eramangarriagoa egiteko.