1997an Zarauzko Udalak malekoiaren berrikuntza proiektuaren barnean zazpi eskultura onartzea lortu zuen. Hala, urte horretan eskulturen proiektuak aurkezteko deialdia egin zen malekoiko obrak amai-tzear zirela eta sekulako arrakasta izan zuen. Guztira 111 maketa aurkeztu baitziren; 76 Euskal Herrikoak eta gainerakoak atzerrikoak. “111 horietatik 30 lan inguruk gainditu zituzten irizpide guztiak eta horiek Sanz Enea Kultur Etxean jarri ziren herritarrek ikus zezaten”, gogoratzen du orduko Zarauzko alkatea zen Imanol Muruak, Zarauzko Itsas Pasealekurako Eskultura Saria liburuan.

“Aukeraketa zaila izan zen” horietatik zazpi aukeratu behar baitzituzten, erakunde ezberdinetako ordezkariek eta kulturgintzan adituak ziren hainbat pertsonek.

Kontuak kontu, Dora Salazarren hiru piezako proiektuak irabazi zuen lehiaketa. Bera da egun malekoian ikusi genitzaken Bihurdura Berdindua, Eta Zehar Dela eta Ihinztaketa/ Isurketa izeneko lanen egilea. Hirurek dauzkate itsasoaren erreferentzia garbiak. Abiapuntua, oskolak, moluskoak, anforak, probetak eta itsasoan bizi diren izaki organikoak dira.

Bigarren postuan Elena Asins geratu zen Canons 22 proiektuarekin. “Obra honek 72 irudi ditu, metro kubikokoa bakoitza. Luzean guztira, 143 metro hartzen ditu eta zabalera, metro batekoa da. Beraz, egitura lineala da eta horizontala”, ziurtatzen du Zarauzko Itsas Pasealekurako Eskultura Sariak liburuak.

Narroseko jauregiaren ondoan kokatua dagoen eskulturak lortu zuen hirugarren saria. Itsas Lema du izena eta Txiliku ontziolaren omenez egin zuen Juan Jose Gurrea zarauztarrak, bertan egon baitzen 1620 inguruan Txiliku on-tziola.

Aipamen bereziak ere izan ziren tarteko eta egun, horiek ere malekoiko paisaiaren parte dira; Zarauzko Dama eta H-E-B, kasu.

Zarauzko Udalak, ordea, itsas pasealekuko eskulturen familia handitzea erabaki du eta ostiralean, ongi etorri egin zien, malekoiko zortzigarren kideari; Surflariari omenez.

Surfaren ikurra

Jose Luis Lasak bete du bere ametsa: malekoian dago berak herriari eskainitako eskultura, Zarauzko ikurretako bat omenduz: surfa. Izena ere halakoxea jarri dio: Surflariari omenez. Hainbat hilabetez ekoitzi du Eibarko Alfa Arte enpresak, Lasarekin elkarlan estuan. Lasak eskulturaren maketa zehatza utzi zion Eibarko Alfa Arte enpresa espezializatuari, eta haiek maketa hori 3 Dn eskaneatu zuten, eta ondoren artxibo informatiko hori materializatu egin dute kontrol numerikodun makina batekin. Emaitza, brontzezko artelana, 1.500 kiloko pisua duena eta hiru metroko altuera.

Jesus Rodriguez Alfa Arteko arduradunak azaldu zuenez, kortxo sintetikodun material arin bat izan da aurreneko emaitza. Orduan, Lasak gainbegiratu egin zuen eta beharrezko aldaketak zein diren zehaztu zituen, “makinak ezin dituelako xehetasun guztiak jaso”.

Ondoren, enpresako espezialistek berriz egin dute eskultura, benetako tamainan, eta Lasak azken aldaketak komunikatu eta oniritzia eman ondoren, zenbait lan tekniko egin dituzte. Azkenik, muntaketan ere parte hartu du Lasak, dena bere gustura geldi-tzeko.

Brontzean egin dute eskultura, baina azken fasean patina eman diote, berde itxura har zezan. “Berde kolore hau azaleko oxidazioa da. Geuk oxidatzen dugu nahieran, horrek babestu egiten baitu eskultura”, argitu zuen Alfa Arteko arduradunak.

Jose Luis Lasa eskulturagile zarauztarrak nahiko luke eskultura hau izatea “Zarauzko surflarien eta surfaren ikurra” eta “oraingo nahiz datozen belaunaldiek, denek goza dezatela eskultura honetaz”.

Beraz, orain, Zarauzko surfak badu betirako ikurra, munduan bakarra, gainera: “Zarauztar baten-tzat oso inportantea da bere lan bat malekoian egotea, baina hori baino garrantzitsuagoa da pieza bat egin dudala surfaren mundua artearekin lotzea lortzeko. Nik dakidanez, inork ez baitu egin halakorik”.