Usurbil - Usurbilgo Udalbatzak aste honetan osoko bilkura egin du eta Udaleko talde politikoen ordainsariak eta zinegotzien dietak izan zituzten hizpide. Udal Gobernuak aurreko legealdiko ordainsariak mantentzea proposatu zuen, aldaketarik edota igoerarik izateko arrazoirik ez dagoela argudiatuta. Hala, zinegotzi bakoitzeko 1.320 euro urtean; talde politiko bakoi-tzeko 4.800 euro urtean; eta, dedikaziorik ez duten zinegotziei 50 euroko dieta ematea, plenoetara, tokiko gobernu batzordeetara eta batzorde informatzaileetara bertaratzeagatik erabaki zen.

Gainera, Hiri Antolamenduko Arau subsidiarioetako A-96 (Portalmusu) eta A-97 (Komentua) eremuetako kontzertazio hitzarmena behin betikoz onartu zen. Matiak Kalezarren egin asmo duen adinekoentzako auzune berriko tramitazio urbanistikoan beste urrats bat gehiago eman zen, beraz.

Osoko bilkurako beste puntu bat Zumarte Musika Eskola birgaitu eta handitzeko obren exekuzio-epealdia 22 astez luzatzea izan zen.

Azkeneko puntuan, EH Bilduko Gobernuak Nafarroako erdialdean uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko, 1.000 euroko diru-lagun-tza ematea proposatu zuen eta onartu zen.

Azkenik, galdera-eskaera txandan, Gobernuak jakinarazi zuen beste 1.000 euroko diru laguntza emango diola Usurbilgo Udalak Pheland McDermid elkarteari. Izan ere, gaixotasun arraro hori duen Uxue herritarrari ekarpen bat egin nahi diote. - A.M.