Ordizia - Etenik gabeko festak dituzte aurtengoak ordiziarrek. Joan den astean ospatu zuten haurren asteburua eta asteazkenean jaurti zen ofizialki txupinazoa, eta, beraz, festen hasiera. Ostegunean kirola izan zen nagusi Ordiziako Klasikari esker eta Laguntasuna Errondailaren kontzertuak ere jende ugari bildu zuen plaza inguruan. Iluntzean, kuadrillak mozorroekin atera ziren matutina gaua ospatzera eta atzo goizean oraindik ere ugari ziren etxera erretiratu gabe zeudenak. Egun osoko bero eta tenperatura altuak segituan jaitsi zituen bota zuen zaparradak, baina ez zen nahikoa izan ordiziarren festa gogoa uxatzeko.

Santa Ana eguna, herriko zaindariaren eguna zen atzo eta ohiko moduan, goizeko 6.00etan goizaldeko danborrada egin zuten oraindik ere mozorroak kendu gabe. Buztuntza auzoan elkartu ziren guztiak eta Gudarien Etorbidetik barrena, Kale Nagusia, Urdaneta, Malkasko, Urdaneta, Santa Maria-Andre Maria pasa ostean, Kale Nagusia hartu eta Plazaraino iritsi ziren. Ondoren, txokolatadaz gozatzeko aukera izan zuten, tenperatura baxu eta euriari aurre egiteko. Baina ez zen hor amaitu ordiziarrentzako festa. Asko eta asko, 9.30ean, Idoiaga plazara joan ziren, El Albero zezenzaleen elkarteak antolatutako bigantxetan parte hartzeko.

agintarien dantza Era berean, 11.00etan, Meza Nagusiari hasiera eman zitzaion Elizan. Urteroko ohitura izaten da eta beste behin ere, txiki gelditu zen Eliza. Bertan izan ziren, hutsik egin gabe, Santa Ana abesbatzako kideak. Ordubete inguruko saioaren ostean, ateak zabaldu eta Santa Ana zaindariaren irudia soinean hartuta prozesioari eman zioten hasiera.

Irudiaren atzetik zihoazen Irun Hiria Musika Bandako kideak, prozesioari musika jarriz, eta haien atzetik, beste hainbat herritar, herrian barrena egin zuten itzulian parte hartuz. Bitartean, oraindik ere mozorroak mantentzen zituztenak gerturatzen hasi ziren plaza ingurura, izan ere, 12.20ak inguruan hasi zen agintarien soka-dantza.

Onartu beharra dago aurtengo soka-dantza azken urteetako alai-tsuena izan dela. Plaza inguruan leku librerik ez zen gelditu, asko direlako zaindariaren egunean kalera irteten direnak goizetik. Hala ere, giro alai hori erretiratu gabe zeuden kuadrillei esker izan zen, hein handi batean. Udal agintariek dantza egiten ari ziren bitartean salto egin behar zutenean oihu egiten zuten, inoiz baino txalo gehiago entzun ziren eta ez ziren animo hitzak falta izan saioak iraun zuen ia ordubete inguruan.

Aitor Aldasorok, Beasaingo alkateak, ohiturari heldu zion eta beste behin ere parte hartu zuen agintaldien dantzaldian. Adur Ezenarro Ordiziako alkateari aurreskuabirritan dantzatzea tokatu zitzaion; maila ona erakutsiz guztietan. Gauza bera gertatu zitzaion atzeskuaren postua hartu zuen Lander Mujikari. Dudarik gabe, berak jaso zituen animo oihu gehienak, izan ere, beste urteetan bera izan da matutina gaua luzatu eta agintarien dantza saioa ikustera gerturatu dena. Nahiz eta estreineko aldia izan, “espero baino hobeto” aritu zela onartu zuen eta gustura agertu ziren. Udal Gobernua osatzen duten ordezkarien arin-arina eta fandangoarekin amaitu zuten dantza saioa.

Hori bukatu eta berriz ere Irun Hiria Musika Bandaren txanda etorri zen. Garikoitz Munduate maisuaren zuzendaritzapean Euskal Festara, La Gran Vía, The Young Maria, Villafranca U.C. eta kalejira interpretatu zituzten, besteak beste.

Arratsaldean pilota partidak jokatu ziren eta Lagunak txaranga kalez kale ibili zen. 19.00etan, Garagartza Plazan kale antzerkia eskaini zuen Eidabe konpainiak eta Gora Kasete obra interpretatu zuten. Beti Argi bandak hartu zuen segidan erreleboa eta musika ikuskizunarekin amaitu zen eguna.

Gaur, berriz, beste egun handi bat ospatuko dute Ordizian: Santanazaleen eta kuadrillen eguna. Aurten ezkondu diren zazpi bikotek parte hartuko dute tradizio zahar honetan, 1509. urtetik egiten da, eta 12.00etan egingo dute ohiko esku dantza. 13.00etan aterako dira kuadrillak, plazatik, eta egun osoko festa izango dute.