Elgoibar - Elgoibarko Sallobente-Ermuaran nekazal auzoko bizilagunek dena prest dute aurtengo festekin disfrutatzeko. San Lorentzo eguna abuztuaren 10ean ospatuko badute ere, jai giroa datorren asteburuan zehar nabarmenduko da.

Horrela bada, Sallobenteko jaiak hurrengo ostiralean jarriko dira abian, auzotarrek ohitura dutenez, kanpai errepikaren eta suziriekin (19.00etan). Jarraian errosarioa eta auzoko hildakoen aldeko meza izango dira Sallobente-Ermuaraneko baselizan eta hori amaitzerakoan nahi duten guztien partaidetzari irekita egongo den bakailao-jana herrikoia. Hori bai, musikarekin girotuta izango den ekitaldi gastronomiko hori “bereziki, aiton-amonei” zuzenduta izango da.

Edonola ere, ostiraleko egitaraua borobiltzeko jaietako lehen bolo saioak (23.00etan) eta Mugi Panderoa talderaekin erromeria (23.30etik aurrera) izango dira.

Larunbatean, berriz, soinujoleek girotuko dituzten haurrentzako jolasak (16.30ean), zezentxoak eta pottokak, Niala magoaren saioa eta txokolatada egongo dira, beti ere, 20.00etan hasiko den emakumeentzako bolo txapelketaren eta Gabenara taldeak gauean eskainiko duen erromeriaren aurretik.

Sallobenteko jai batzordeak aurreratu duenez, larunbatean auzora igotzeko autobusa izango da “19.00etatik aurrera eta Txarriduna hotelaren ondoan dagoen errotondatik”.

Sallobenteko festak igandean izango du jarraipena. Egun horretan elizkizuna izango da 10.30ean eta hori amaitzerakoan gerturatutakoentzako salda beroa eta txorizo egosia.

San Lorentzo eguna Egun batzuetako atsedenaldiaren ondoren festa giroa abuztuaren 10ean itzuliko da Sallobente-Ermuaran auzora, beti ere, San Lorentzo eguna ospatzeko.

Jardunaldi horretan Meza Nagusia (Aurresku, musika eta bertsoekin), salda eta txorizoa izango dira. - J.L.