Tolosa - 10.000 kilometrok baino gehiagok bananduko du laster bikotea, musikaren bitartez modu batera edo bestera elkarrekin jarraituko badute ere. Izan ere, Erasmus beka batek Txilera eramango du hemendik gutxira Maitane Iruin eta distan-tziak airean utziko du denbora batez Arrakalak proiektua. “Nahiz eta orain oso gogotsu gauden, ikusiko dugu ondoren zein puntutan gauden. Musika gure bizitzako erdigunean dago eta hori ukaezina da”, azaldu du bikoteak.

Noiztik ezagutzen duzue elkar?

-Malentxo Zeberio: Betidanik. Laskorain Ikastolako abesbatzan ibili gara biak eta musika eskolan askotan egon gara elkarrekin; nik biola eta Maitanek biolina jotzen duenez, irakasle bera genuelako. Musika izan da batu gaituena.

-Maitane Iruin: Abesbatzan geundela soloak egiteko geratzen hasi ginen eta pixkanaka gitarrarekin bertsioak egiten hasi ginen. Orain dela hiru hilabete sortu zitzaigun gure abestiak plazaratzeko aukera, eta ordurako bagenuen konfidantza nahikoa elkarrekin zerbait egiteko.

Hasieratik izan duzue, beraz, sintonia ona...

-M.Z.: Arrakalak sortzen hasi ginenetik ez da egon gaizki ulertuetarako lekurik, izan ere oso ondo finkatu genuen zer nahi genuen, biak toki antzekoan geundelako. Proiektu hau gure bizitzako momentu honen isla da eta orain elkarrekin denbora asko ari gara pasatzen.

Zein ibilbide musikal egin duzue aurretik?

-M.Z.: Biola jotzen dut eta orkestra ezberdinetan aritu naiz; orain biok gaude Euskal Herriko Gazte Orkestran. Abesten ere ibili naiz, bakarrik edo taldean.

-M.I.: Txikitik handira joan naiz. Biolina jotzen dut eta musika eskolan ibili ondoren, Tolosako Arimaz orkestran, Donostiakoan eta orain Euskal Herriko Gazte Orkestran nago. Alde klasikoan, garapena nabaria izan da eta kantuari dagokienez, lagun batekin hasi nintzen gitarra jotzen, baina sentitzen nuen beste formatu batzuk probatzeko gogoa.

Etxetik al datorkizue musikarekiko afizioa edo sena?

-M.Z.: Nire aitaren piano azpian hazi naizela esaten dut beti. Baina literalki, gainera. Berarekin etxean gera-tzen nintzenean ikasten uzteko piano azpian edukitzen ninduen. Familian musikari asko dago eta musikarekin beti izan dut sekulako harremana. Naturaltasun handiarekin ari gara musika bizitzen.

-M.I.: Gure etxean beti egon da musikarekiko afizio handia, batez ere, euskal musika entzun izan da eta musika klasikoa ere bai. Uste dut baduela eragina zure bizitzan jaso duzun musikak ondoren zure jardunean. Etxean erakutsi didate musika maitatzen eta babes handia jaso-tzen ari gara orain.

Orain arte bertsioak jo dituzue, zein oinarri ditu Arrakalak?

-M.Z.: Garazi Goienetxe, Berri Txarrak, Norah Jones, Katamalo, Ken Zazpi, Amy Winehouse, Izaro... taldeen bertsioak egin ditugu. Orain gitarra, baxua eta biolina dauzkagu, eta gure ahotsak. Baliabideak mugatuak ditugu eta proiektu intimista eta minimalista bat egin nahi genuen.

-M.I.: Zer esan nahi dugun finkatzea ere garrantzitsua iruditzen zaigu. Barruan ditugun hutsuneak identifikatzea da gure asmoa, hitzen eta musikaren bidez, gure interes, kezka eta ezinegonak adieraztea. Esperimentatzen ari gara; orain adibidez baxua sartu dugu taldean. Ez daukagu estilo finko eta itxi bat.

Eta zergatik Arrakalak izena?

-M.I.: Metafora bat da. Gaztelaniaz grietas esan nahi du eta hutsune horiek identifikatzen ari gara. Modan dagoen hitza da, baina guk beste izaera bat eman nahi izan diogu.

-M.Z.: Arrakalak hutsuneak dira, baina gure kasuan ez dira bete beharreko hutsuneak, gure baitan daudenak baizik. Horietatik zerbait polita atera nahi genuke.

Musikalki zeintzuk dira zuen erreferenteak?

-M.Z.: Azken aldian jazza deskubri-tzen ari gara... Musika klasikoa ere gustatzen zaigu, euskal rocka, rapa...

-M.I.: Beharrezkoa da denetarik en-tzutea, sortzerako orduan garrantzi-tsua delako. Oso zaila egiten zait erreferenteak esatea... baina asko gusta-tzen zaizkit Norah Jones edo Anari.

Diskorik ez duzue, baina kontzertuak ematen hasiak zarete...

-M.Z.: Hiru egin ditugu eta asko disfrutatzen ari gara. Eszenatoki batean eroso sentitzeko adina kontzertu eman ditugu, baina Arrakalaken lehen kontzertua berezia izan zen. Oso gurea den proiektua da eta jendearen aurrean biluztea bezala izan zen. Ez gara musika egiteko elkartu, baizik eta musikak elkartu gaituen bi lagun gara. Diskorik ez dugu, baina gure proiektua dela esaten dugu kontzertuek hasiera eta bukaera dutelako; hau da, ez dugu abesti-sorta bat bakarrik eskaintzen, zentzua eta osotasun bat duen kontzertua lantzen dugu.

-M.I.: Askotan esan digute asko nabaritzen dela eszenatokian gure artean daukagun konplizitatea eta horrek asko esan nahi du.

Diskoa grabatu nahi al duzue?

-M.I.: Ni orain Txilera noa Erasmus beka batekin eta sei hilabete barru itzultzen naizenean ikusiko dugu zein puntuan gauden. Epemuga hori genuen... ikusiko dugu.

-M.Z.: Orain arte denbora eta baliabiderik ez dugulako izan ez dugu diskorik grabatu. Orain gogo askorekin gaude, baina ikusi beharko dugu ondoren ea Arrakalak proiektuak zentzua izaten jarraitzen duen, musikak beti izango badu ere.