Donostia - Aste osoan zehar bezala, atzo ere azken eguna izanik hainbat ekitaldi antolatu zituzten Donostiako Udalak eta hainbat elkartek, baita Donostiako Piratek ere. Alde batetik, eta umeentzako jolas eta hitzorduen baitan, puzgarriak jarri zituzten goizean eta arratsaldean Okendo plazan. Txotxongilo ikuskizuna ere izan zuten haurrek Kursaaleko Urumea terrazan eta Grosen, Katalunia plazan, Erdi Aroko eskrima erakustaldiarekin gozatu zuten bertaratutakoek.

Xakezaleek, berriz, urteroko hitzordua udaletxeko udalbatza aretoan izan zuten atzo goizean. Fibrosi kistikoari open-a antolatu zuten eta aretoan kokatutako mahai guztiak bete zituzten jokalariek. Sarrera irekia zen eta adin guztietako zaleak bildu ziren, gazte zein heldu.

Donostiako Piratei dagokienez, Xibaro Eguna antolatu zuten atzo eta, besteak beste, herri bazkarian elkartu ziren, gaueko kontzertuen aurretik. Dena den, Piraten kasuan Aste Nagusia gaur arte luzatuko dute, Irrikitaldia izango baitute 17.00etan Bulebarrean.