Síguenos en redes sociales:

Txirrindulaz

Txirrindulaz

Abian da hiriburuko bidegorriak gorritzearen aldeko ekimena, izanak izenarekin bat egin dezan. Azken lau urte honetan, aurrerapausoak eman dira txirrindularen alde, baina oraindik ere bada zer egin handia. Ez legoke gaizki informazioa ematea mugikortasunari buruzko ordenantza berriaz, nahasmendu handia baitago. Izan ere, txirrindulari heldu aunitzek ez dakite oinezkoen iritzia atera zela garaile partaidetza-prozesuan eta, ondorioz, txirrindulek galarazia dutela espaloian ibiltzea, bai eta patineteek ere. Bertzalde, bidegorriak gorritzeko eskaria ez da kontu hutsala, toki aunitzetan ez baitago argi zer den errepidea, eta zer, txirrindula-bidea. Ikusi bertzenaz zenbat gorabehera gertatzen diren San Lorentzo elizaren parean, non eta portale berriko malda behera hasten den tokian. Autoak behin baino gehiagotan sartu dira zola iluneko bidegorrian. Eskaera egina da, baina ikuskizun dago udalak zer eginen duen, Pio XII.a aldatuko duen honetan, eta gaia, gainera, osoko bilkurara eraman gabe. Dena den, kontu batean amore eman behar izan dute. Konparaziora, ez zituzten birjarri nahi Pio. XII.ean eroritako mutiloiak, hau da, txirrindulariak babesteko pibotak, zentzurik ez zuelakoan sosik gastatzea hankaz goratuko duten etorbide horretan. Orain, ordea, bai. Jakina, bihar mugikortasun jasangarriaren aldeko astea hasiko da eta itxura egin behar. Artetik errateko, hamaika hots zabaldu dira azkenaldion Plazaola natur bideaz, eta Iruñetik Irurtzunera ederki moldatutako bide puskaz, bizikletaz egiteko. Ez dakit ibilbidea diseinatu dutenak sekulan ibili ote diren txirrindula gainean, Indurainek berak ere nekez igoko baitzuen bere sasoirik onenean Eritze pareko bide tartea (sasoi hitzaren adiera bikoitzean, gainera); alimaleko malda latza bi aldeetan, eta dena harri soltea. Lepauztaia hautsi nahi duenak badu nora joan.