donostia - Donostia Kulturak, Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Tabakalerak elkarlanean egitarau berezia prestatu dute, hilaren 24a Liburutegiaren Eguna izango baita. Memoria eta Liburutegiak lelopean, profesionalei eta publiko zabalari zuzendutako egitarauan hainbat gai landuko dituzte. Adibidez, urriaren 22tik 26ra Lekukoak helduentzako saio irekiak egingo dituzte hainbat egoitzetan eta 25ean, berriz, Memoria aro digitalean adituentzako saio profesionala izango da San Telmo Museoan. Douglas McCarthy (Europeana.eu Interneteko atariko kidea, milioika liburu, margolan, film, museo objektu eta artxibategietako grabaketa biltzen dituena) eta Sophie Bertrand eta Elena Sánchez (Frantziako eta Espainiako liburutegi nazionalen digitalizazioaren arduradunak, hurrenez hurren) izango dira bertan, baita Francisca Pulgar ere, Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzu burua. Euskal liburutegi digitalaren proiektu estrategikoa aurkeztuko du datozen hiru urteotarako.

Gainera, Donostia Kulturak atzo iragarri zuenez, urriaren 19tik 31ra egitarau osagarria izango da hiriko liburutegietan, Ubiken eta Koldo Mitxelenan. Esaterako, ipuin kontalarien maratoia (19an San Jeronimoko aretoan), Panpinen pijama festa (Lugaritzen hilaren 21 eta 24an) eta Saxofonistaren istorioak, Ameli & Xirrikituen jostunak (Okendo, urriak 24) saioak prestatu dituzte. - N.G.