Bi urtez behin plazaratzen dute Ataunen Jentilen Etorrerako antzezlana, Jentilbaratza Kultur Elkarteko kideek. 1981an sortu zuten ekimen hau eta euskal mitologian eta esaera zaharretan oinarritzen da. Herrian izandako sinesmenak, kontu zaharrak eta leiendak dira osagaiak, mitoak.

Datorren azaroaren 2an antzeztuko dituzte bi lan berri; arratsaldeko 19.00etan eta 21.00etan, eta ongi etorria 18.15ean hasiko da. Torto, lamiak, jentilak, Samartintxiki eta sorginak ez dira faltako oraingo honetan ere. Bi zati nabarmen izango ditu saioak, ohiko moduan: kale ibilaldia eta ikuskizuna. Lehenengoan ongi etorria egiten da, Udaletxe aurrean. Alkatea buru dutela, erretorea, medikua, eskribaua, Samartin Txiki eta herritarrak zain izango dira. Alde bakoitzak bereari eutsi nahiko dio, baina denak elkarren beharrean daudenez, ulertzera daude kondenatuta. Lehen hartuemanaren ostean, desfilea egingo dute herrian barrena, bandoa joz, eta ikuskizuna egingo den lekura joango dira. Desfilean guztiek hartzen dute parte, herritarrak tartean.

Garrantzitsua izaten da testuingurua ere. Garai bakoitzeko pertsonaien jantzi, lanabes eta bizimodua ahalik eta modu egokienean errekuperatu nahi dute antolatzaileek eta horregatik, ez da harritzekoa baserritarra gurdia idiekin bultzatuz edo eta errementeria, artzaina, talogileak ikustea, garai bateko bizimodua ahalik eta errealen azalduz.

nor dira jentilak? Euskal mitologiako beste zenbait pertsonai oso ezagunak badira ere, jentilek ez dute halako zabalkundea izan. Jentilak euskal mitologiako izakiak dira, eta kristautasunaren aurretik lurralde horietan bizi ziren pertsona fedegabeak omen ziren. Erraldoiak eta indartsuak ziren, eta kristautasunaren olatua iritsi zenean haien bizimodua guztiz aldatua ikusi zuten: mendian bakarrik, besteengandik urrun. Hala ere, Jentilen Etorrerak beste izaki mitologiko batzuk har-tzen ditu bere gain, eta horiek guztiak erreprentatuko dituzte azaroaren 2an Ataunen.

sarrerak Antolakuntzak dagoeneko sarrerak salgai jarri ditu, urtero, jendez betetzen baita. Betiko moduan, sarrerak doan izango dira eta horiek lortzeko bi aukera daude: batetik, www.jentilbaratza.eus web gunean, eta egun berean plazan eta kiroldegian ere jarriko dira, 16.00-etatik aurrera. Joan nahi duenak presa hartu beharko du, dagoeneko lehen ikuskizunerako onlineko sarrerak agortuta baitaude.

Beti esan izan da herri txikiak aktiboak izaten direla, eta herriko ekimenetan parte hartzen dutela. Adibiderik bada, Ataun da onena. Halako ikuskizun erraldoia aurrera ateratzeko antolakuntzan aritzen dira buru-belarri hainbat lagun, eta egunean bertan, 150 pertsona baino gehiago aritzen dira antzezlana janzten.

Leiendek bizirik jarraitzen dute gizartean, eta Ataunen ere ez dira ez hilko, beheralakoan.