- Aurten bertan behera gelditu diren herriko besten ordez, uztailean eta abuztuan kultur programazio zabala prestatuko zuela jakinarazi zuen bere garaian Udalak eta asmo horri ekin dio, Uda Bizia goiburupean. Gaur 19.00etan Altzateko plazan kontzertua eskainiko du Amak taldeak; Lau trikiti, lau pandero eta lau ahots. Lau musikari, lau emakume eta lau ama. Horren batura da Amak taldea. Lau hizkiz osaturik dago taldearen izena ere, taldekide bakoitzaren izenaren lehen hizkiarekin, hain justu: Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kristina Solano. Plaza aunitzetan ibiliak dira guztiak; musikagintzan eta trikitiarekin. Alaitz Telletxea (Alaitz eta Maider), Maixa Lizarribar (Maixa eta Ixiar), Amaia Oreja (M-n Ezten) eta Kristina Solano (M-n Ezten). Urte luzeetan plazaz plaza eta agertokiz agertoki ibili ondotik, berriz egin dute topo.

Uztailaren 18an, larunbatean 19.00etan, leku berean, Shakti Olaizola zirku konpainiak Baldin bada ikuskizuna eskainiko du; Hezurbeltzak taldeak kontzertua eskainiko du uztailaren 25ean, larunbatean 19.00etan Merkatu Plazan. Uztailaren 26an, Berako XII. Saria antolatu du Gure Txokoak, kadete mailako txirrindulariei zuzendua.

Abuztuaren 1ean, Erabatera taldeak kontzertua eskainiko du 19.00etan Altzateko plazan. Abuztuaren 2an, Master Kutxabank txapelketako pilota partida jokatuko dute Eztegara pilotalekuan 17.00etan: Urrutikoetxea eta Irribarria, Altuna III.a eta Imazen kontra. Sarrerak salgai izanen dira Agerra prentsan eta www.entradasfronton.com helbide elektronikoan. Abuztuaren 3an, Hueskako Oscense Pirotecniaren eskutik su-artifizialak botako dituzte Toki Onako patiotik, 23.00etan. Ondoko hiru larunbatetan kontzertuak izanen dira Altzateko plazan 19.00etan. Abuztuaren 8an Mugaldekoak Band, 15ean Old School Funky Family eta 22an Afrika Bibang taldeak igoko dira oholtzara. Abuztuaren 30ean, azkenik, Sun magoak, Bat, 2, hiru€ magia! ikuskizuna eskainiko du.

Ekitaldi guztietan segurtasun neurri zorrotzak bete beharko dira.