- Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkartea eta Txalaparta argitaletxearen lagun-tzarekin antolatzen duen (H)ilbeltza bekaren aurtengo edizioa martxan da. Euskal literatura beltza sustatzeko helburua duen bekak, txandaka, sorkuntza eta itzulpengintza saritzen ditu, eta aurtengoan sorkuntza lan batek jasoko du euskarazko nobela beltz bat idazteko beka.

Urtero bezala, 6.000 euro jasoko ditu bekaren onuradunak, 3.000 euro Garazi Arrulak (Txalaparta), Miren Gorrotxategik ((H)ilbeltza) eta Joseba Otondok (Baztango Udala) osaturiko epaimahaiak lagin irabazlea hautatzerakoan, eta gainerako 3.000 euroak, novela osoa aurkeztu eta epaimahaiak oniritzia emandakoan. Behin hori eginda, Txalaparta argitaletxeak argitaratuko du nobela eta Euskal Nobela Beltzaren astean aurkeztuko da.

Deialdira aurkeztu nahi dutenek narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkeztu beharko dituzte, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta bertze inondik moldatuak ez direnak. Parte hartzaileek abenduaren 4ra arteko epea dute lanak Baztango Udaleko erregistroan aurkezteko. Landu nahi duten kontakizunaren azalpena aurkeztu eharko dute, 2-4 orri bitarteko luzerakoa, argumentua, egitura, luzera edota estiloa azalduz, eta idazlanaren lagina edo erakusgarria, 30.000 karaktere ingurukoa, ez nahitaez kontakizunaren hasmentakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.

(H)ilbeltza bekaren lehenbiziko edizioa sormen beka izan zen, Miel A. Elustondok irabazi zuen eta Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen 2019an. Bigarren edizioa itzulpenari egokitu zitzaion, eta Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska nobela euskaratu zuen Josu Barambonesek. Hirugarrena Miren Gorrotxategik irabazi zuen, sormen beka, Vianako bihotza lanarekin, eta azkena Koldo Bigurik, Massimo Carlottoren Arrivederci amore, ciao eleberriaren itzulpenarekin. Aurtengo irabazlea ilbeltzaren 18an ezagutuko da.