2020a urte berezia, ez ohikoa izan da denendako, eta covid-19ak jendartean eragin zuzena izan du, eragin negatiboa gehienengan. Dena den, aurtengoak izan du ere gauza positiborik, errate baterako, Amaiurren aspaldiko urteetan egindako lañaren ondorioz, abuztuan, Etxeberria etxean, Amaiurko gazteluan egindako indusketa lanetan agertutako objektuak eta bildutako historiaren zati bat ikusgai jar-tzea lortu dute, Arkeologia museoa irekiz. Auzolanaren ekimenez emandako bertze pausu bat da, baina ez azkena, izan ere, erakusketa ederra eta oparoa izanagatik, leku mugatua du eta ezin dituzte bertan aurkitutako objektu guztiak eta Amaiurko gazteluari buruzko informazio guztia erakutsi, hortaz, Amaiurko herriak herri sarreran egin asmo duen Bisitarien gunea du helburu, proiektu potoloa, anbizio handikoa da, eta inbertsio ekonomiko handia suposatuko duena. Bisitarien gunea garatu ahal izateko diru bilketa kanpaina bat abiatua dute, diru ekarpenak biltzen segitzen dute eta urtea bukatu aitzinetik jendarteari dei egin nahi diote MECNA, kultur mezenazgoaren ekimenaren bidez bakoitzak ahal duen ekarpena egin dezan, zerga desgrabazio handiak tarteko. Informazio gehiago nahi izanez gero, www.amaiur.eus webgunera jo daiteke. 2022an beteko dira 500 urte Gaztelak Amaiur konkistatu zuenetik, eta data hori gogoan dute amaiurtarrek.