Sugarren mende du izena Asisko Urmeneta komikigile nafarrak egindako azken lanak. Gureberriak, Erroa argitaletxea eta Lapurdi 1609 elkartearen laguntzaz argitaratutako komiki-liburuak sorgin ehiza du ardatz, orain arte landu gabeko ikuspuntu batetik. Sorgin ehizari buruz aunitz idatzi eta marraztu da, baita zinema ekoizpen desberdinak egin ere, dena den, Urmenetak dioen bezala, “ez dago dena kontatua sorgin ehizaz”. XVII. mende hasierako sorgin ehiza ezagunetik gaindi, gertaturiko prozesuak lantzen dira, ez soilik gehienek ezagutzen dugun Zugarramurdiko sorgin ehiza. Urmenetak azaltzen dienez, “1525etik 1616ra bitarte sorgin-ehiza andana egin zuten Nafarroa guztian, Erronkaritik Sakanaraino. Eta, Logroñoko prozesua baino urte bat lehenago, Lapurdi guztira ere hedatu zen jazarpena”. Sugarren mende lanerako dokumentazio lan handia egin du Asiskok, aitortu duenez, “Euskal Herrian sorgin ehizari buruz argitaratutako guztia irakurri dut, dolumentazio lan handia dago gibelean, baina Euskal Herritik kanpo ere argitaratutako aztertu dut, etaaski interesgarria suertatu da lanketa”. Sugarren mende liburuan garai hartako herritarren tragedia kontatzen da, bere testuinguru historiko eta geografikoan, inkisizioaren atzaparren hedadura eta antolaketari buruz, beti ere, atzendu gabe Euskal Herria Espainiar eta Frantziar estatuen erdian izaki, hemengo lur eta pertsonak nahieran erabili zituztela, tartean, sorgin ehiza baliatuz beren intereserako.

Liburua www.gureberriak.com webgunearen bidez eskura daiteke, eta fisikoki ere Euskal Herriko xoko desberdinetan eskuragai dago. gainera, hainbat tokitan aurkezten ari dira, tartean, Elizondon, otsailaren 5ean aurkeztuko dute.