Jakin mina zen nagusi atzo Arizkunen. Izan ere, aspaldiko partez, herriko zinpeko alkatea aukeratzeko bozketa egin zen. Bi urtean behin aukeratu behar izaten dituzte herriko zinpeko alkateak Baztango 15 herrietan, eta 2021-2022 biurtekorako herrietako ordezkariak hautatzeko lehenbiziko hitzordua abenduko hirugarren igandean izan zen, Baztango Ordenantzek dioten bezala, bailarako 15 herrietan batzarrak burutu ziren leku bakoitzeko alkateak izendatzeko. Lehenbiziko hitzordu hartan Baztan 11 herritan alkate izateko hautagaiak aurkeztu ziren eta, honenbertzez, tokian tokiko batzarrek hautagaitza berretsita, ondoko bi urteetarako hautatu zituzten. Dena den, Arizkun, Irurita, Amaiur eta Elizondon ez zen hautagairik aurkeztu, beraz, urtarrilaren 6an, Errege Egunean egin ohi den kontuen aurkezpenerako batzarrean bertze aukera bat izan zuten aipaturiko 4 herrietan hautagairik ote zegoen jakiteko. Amaiurren Ixabel Alemanek eman zuen aitzinera pausua eta herriko batzarrak alkatetzan berretsi zuen. Ordenantzek dioten bezala, bi aukera horien ondotik, alkaterik aukeratu ez zen herrietan ordezkaria aukeratzen saiatzeko eskumena Baztango Batzar Nagusiko Batzar buruaren esku, Joseba Otondoren esku gelditu zen afera.

Geroztik, Elizondon alkatetzarik gabeko arazoari irtenbidea eman zitzaion. Aitor Bazterrikak bere burua aurkeztu zuen, eta otsailaren 16an egin zen batzarrak bere hautagaitza berretsi eta kargua ofizialki hartzeko bilkura.

Pasa den astean, berriz, Joseba Otondori Arizkungo bi bizilagunek herriko alkate izateko hautagaitza aurkeztu zioten eta, honenbertzez, pasa den asteko ortziralean Arizkungo frontoian batzarra burutu zen, Otondo herritarrei bi hautagaitzen berri emateko. Valentin Quintana eta Imanol Etxeberria hautagaiek herritarrei beren asmoen berri eman zieten, eta Batzar Nagusiko Batzarburuak otsailaren 12rako deialdia egin zuen, arizkundarrek, 17.00etatik 20.00etara bitartean, herriko medikuaren etxean burutuko zen bozketan alkatea hauta zezaten.

Ortziralean izan zen bozketa eta kontaketak emaitza hau eman zuten: 130 bozka Imanol Etxeberriaren alde eta bakar bat ere ez Valentin Quintanaren alde, 3 bozka baliogabeak izan zirelarik. Honenbertzez, Imanol Etxeberria izendatu zuten Arizkungo alkate hurrengo bi urteetarako. Etxeberriak Joseba Otondorengandik jaso zuen herriko alkate izendatzeko aginte makila bertaratutako herritarren txalo artean.

Arizkungo alkatea hautatua, Irurita da orain zinpeko alkaterik aukeratu gabe gelditzen den Baztango herri bakarra. Ikusi beharko da ondoko egun edota asteetan hautagairik aurkezten den ondoko bi urteetan herriko ordezkari izateko.