Ospatu izan balitz, martxoaren 28an akituko zen aurtengo Korrika, horren harira, Euskal Herriko bertze hainbat herritan bezala, Suinki euskaltegiak Bultza euskaltegiak, bultza euskara lelopean ekitaldi bat burutu zuen igande eguerdian Elizondon. Ekitaldi ederraz gozatzeko aukera izan zuten bertaratutako hamarnaka lagunek: Alazne Untxaloren bertsoa, Juan Angel Perotxenaren graffitia, oraindik izenik ez duen musika talde gaztearen emanaldi txalotua, eta noski, euskaltegiko ikasle eta irakasleek irakurritako mezua, tartean, hurrengo Korrikaren data aitzinatu zuten: 2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era izanen da. Familia argazki batekin borobildu zuten ekitaldia.