2022. urte hau arras berezia da Amaiurren. Heldu den uztailan 500 urte beteko dira gaztelarrek Amaiurko gaztelua hartu zutenetik, eta urteurren hori gogoratze aldera ekitaldi ugari antolatuko dira urtean zehar.

Larunbat honetakoa izan zen amaiurtarrek antolaturiko lehenbizikoa. Asisko Urmeneta marrazkilariari komiki liburu bat enkargatu zioten eta larunbat honetan egin zuten Amaiur! Libera state argitalpenaren aurkezpena. Aurkezpen ekitaldiak jendetza erakarri zuen herriko plazara.

Hasteko, Pottoka eta Eskortz herriko musikariek hainbat kantuz girotu zuten leporaino beteriko plaza, eta gero Ixabel Aleman herriko alkateak hartu zuen hitza.

Azpimarratu zuen duela 500 urte hasitako bideari jarraiki ziotela, duela 100 urte monolitoa eraiki zutela eta eraitsi ondotik berriz altxatu zutela duela 40 urte. Orain berriz, Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik gaztelua lur azpitik atera eta orain alderdi zientifikoa lantzen ari direla.

500. urteurreneko ekitaldiei hasmenta emateko egindako liburu aurkezpenari dagokionean, aipatu zuen komiki liburua serioa dela, gaiak hala eskatuta, nahiz eta egoera ederrak ere erakusten dituen.

Asiskori hitza eman aitzinetik, azken hilabeteetan egindako tatuaje lehiaketaren berri eman zuen. Amaiurko guduaren 500. urteurrenaren harira, horri loturiko tatuajeen artean, Algortako Jon Ander Aranburuk erdietsi zuen lehenbiziko saria, liburu berriaren ale bat, zango gibeleko aldean egindako Amaiurko monolitoaren tatuaje batekin. Han zen Aranburu, eta saria hartzearekin batera tatuajea erakutsi zuen. Herri bereko Inge Gangoitiarendako izan zen bigarren saria, Amaiurko Arkeologia Museora sartzeko bi sarrera.

Ondotik egin zuen Asiskok liburuaren aurkezpen ilustratua. Urmenetak berezkoak dituen umorea eta kolorea erabili zituen liburuaren nondik norakoak agertzeko.

Agertu zuenez, liburua zortzi ataletan banatzen da. Lehenbiziko bortz ataletan, 1521eko udazkenean hasita, 1522ko uztaila bitarteko gertakari historikoak erakusten ditu; seigarrenean, Helena Xurio Arburuak egindako galeria bat biltzen du; zazpigarrenean, egilearen gibel solasa agertzen da; eta azken atalean, berriz, Amaiurren aitzinera eramaten ari diren lanen inguruko eta beharren inguruko ohar praktikoak biltzen ditu.

Xuri beltzean argitaratutako komiki liburu mardula da atzo Amaiurren aurkezturikoa, nahiz eta hainbat orritan bertze kolore bat ere erabili den. Liburuaz gain, Asiskok azaldu zuenez, separata bat ere egin dute, euskaraz ez dakien jendearendako, Amaiurrera bertan gertatutakoaren berri jakitera hurbiltzen direnendako. Separata hau marrazki hutsez egindakoa da, historia grafikoki biltzen duen argitalpena.

Giro ederra izan zen larunbat honetan Amaiurren, 500. urteurrenari loturiko lehenbiziko ekitaldian. Aitzitik, ez da azkena izanen, hurrengo hilabeteetan ere ekitaldi eder aunitz eginen baitituzte.