- 2019an ospatu zen Ezkurran Malerrekako Egunaren zortzigarren edizioa. Orduan Donamariari eman zioten 2020ko ospakizuna antolatzeko lekukoa. Bi urtez ez da ospatzerik izan, baina berriz ere Malerrekako Eguna antolatu du Malerrekako Mankomunitateak eta maiatzaren 28an izanen da Donamarian. Halaxe iragarri zuten maiatzaren 12an Mankomunitatearen egoitzan. Jon Telletxea, Mankomunitateko presidente eta Beintza-Labaiengo alkateak eta Natalia Rekarte Donamariako alkateak eman zuten ospakizunaren berri eta beraiekin batera, Malerrekako hainbat herritako alkate eta udal ordezkariak izan ziren ekitaldian.

Jon Telletxeak aipatu zuenez, «izan dugun egoeragatik bi urtez huts egin ondotik, berriz ere buru-belarri murgildu gara Malerrekako herrien arteko anaitasun besta izan nahi duen ospakizun honen antolaketan».

Natalia Rekarte, Donamariako alkateak, Malerrekako Egunaren berezitasuna azpimarratu zuen, «Malerrekako herritar guztiak batzen gaitu, bereziki gure herrien arteko elkarlana, auzolana, elkar gehiago ezagutzea eta gure arteko harremanak sakontzea du helburu. Hori pixkanaka-pixkanaka lortzen ari gara eta fruituak ematen ari da, bide horretan segitu behar dugu. Herri guztien artean prestatzen den eguna da, herri bakoitzak ekarpenen bat egiten du, nahiz eta urtero herri ezberdinetan antolatu». Duela bi urte izan behar zen Donamariako ospakizuna, «baina ezin izan da eta aurten gogotsu gaude ospatzeko».

Maiatzeko azken larunbateko Malerrekako Egunari nolabait asteburu honetan emanen zaio hasiera, orduan jokatuko den Malerrekako IX. Mus txapelketaren finalerako sailkatzeko herriz herriko txapelketak jokatzen hasiko baitira. Malerrekako Egunaren aurrekontua 6.000 eurotik goitikoa izanen da eta finantziazioan laguntzeko bertako produktuen zare baten zozketa ere eginen dute. Horretarako txartelak salgai paratuak dituzte herriz herri.

Maiatzeko azken larunbatean, beraz, 10:30ean, harrera ekitaldia eginen dute plazan. Herrietako ordezkariek hasiera emanen diote egunari. Donamariako udalak 80 urte baino gehiago dituzten 25 herritarrei, omenaldia eskainiko die, «gure herriak babestuz eta zainduz egin dituzten lanak eskertu nahian». Aitzinetik, 08:00etan Malerrekako gazteen mendi martxa abiatuko da Doneztebeko Merkatuko Plazan. Ibilbideari dagokionez, Uraren Bidetik Ameztira igo, Oitzera jaitsi eta Donamarian bukatuko dute.

11:00etatik 14:00etara artisauak eta talogileak izanen dira plazan. Horrekin batera bertzelako animazioak ere izanen dira. 11:00etatik 12:00etara dantzariak izanen dira plazan. 12:30etik 13:30era buruhandiak ibiliko dira eta aizkora apustua ere eginen dute: Jazinto Etxekonanea, Mikel Indakotxea, Jexux Etxeberria eta Jon Telletxea ariko dira. 14:00etan paella jatea izanen dute plazan. 16:30etik 19:00etara Hauspolariek musika taldeak joko du plazan. 17:00etatik 19:30era txokolatada eta umeentzako jokoak eta tailerrak frontoian eta buruhandiak ere kalejiran aterako dira. 19:00etan Aurtitz, Ituren eta Zubietako joaldunek joareak astinduko dituzte. 19:30ean zozketa eta mus txapelketako sari banaketa eginen dute eta Oizko herriari datorren urteko antolaketarako lekukoa pasatzeko ekitaldia. Eguna akitzeko, 21:30ean herri afaria eginen dute Herriko Ostatuan. Afarirako txartelak Donamariako Herriko Ostatuan eskura daitezke. 23:30ean Gabezin musika taldearekin erromeria izanen da plazan. l

l Miguel Arregi. Urtero Malerrekako Eguna antolatzen duen herriaren armarria zurean lantzen duen Zubietako eskulangilearen ekarpena eskertu nahi izan zuten bereziki.

Donamariako alkatearen erranetan, herri hauek bizirik mantentzeko behar beharrezkoak dira auzolana eta elkarlana, «eta Malerrekako Egunak ederki erakusten digu hori. Horiek gabe ezinezkoa litzateke».