Sare sozialetan emakumeen kontra ematen diren erasoen harira, irakurketa bateratua egin dute, Inarrosi taldeak, Baztango Talde feministak, eta Baztango Berdintasun zerbitzuak.

Duela hilabete inguru Baztango neska batek berdintasun zerbitzura jo eta jasandako eraso bat jasan zuela jakinarazi zion Berdintasun zerbitzuari eta hortik mugimendu feministari. Talde feministek eta Berdintasun zerbitzuak osatzen duten indarkeria matxistari erantzun soziala emateko mahaian egoera aztertzerakoan, agerian gelditu omen da, hau ez dela kasu isolatu bat izan, behin baino gehiagotan eman dena baizik. Gertakari hauen aitzinean, ziber-indarkeriari buruzko irakurketa bat egitea beharrezkoa ikusi dute, eta egindako irakurketa partekatu dute ohar baten bidez. 

Argitaratutako oharrean azaldu dutenez, sarea zerbait abstraktua dela pentsatu izan da, bizitza errealarekin talka egiten duena. Baztango Mugimendu feministak, aldiz, biolentziaz beterik dagoen plaza gisa ulertzen du. Bizitza errealean ematen diren biolentziak, ez direla sareetatik kanpo gelditzen, barneraino sartu eta biderkatu egiten direla ohartarazi dute, sare sozialak gizartean isla bat gehiago omen direlako.

Youtube, Instagram, edo Tik-tok bezalako sareetan, aspalditik ikusi omen dute estereotipo eta genero-rolen indartze bat. Hau, sistema zis-hetoropatriarkalaren kontraeraso gisa ulertu omen daiteke, gizarteko zapalkuntzak bere horretan segi dezan.

Gizartea, eta hortaz, gure harremanak, teknologiara gero eta gehiago bideratzen joan diren heinean, Internet bidez jasaten dituzten erasoak biderkatu egin direla salatu dute. Eraso horien biktima nagusiak emakumeak eta LGTBI+ kolektiboko jendea izaten ari dela nabarmendu dute, bereziki neska gazteak. Biolentzia horrek ez omen du forma bat eta bakarra hartzen. Baimenik gabe izaera sexualeko irudiak jasotzetik hasi eta etengabe mezuekin bonbardatuz jazartzeraino edo emakumeen irudi intimoen difusioraino ailegatu ahal omen daiteke, bertze mila adibiderekin batera.

Indarkeria sexistak, emakume guztiei eragiten diela azaldu dute, adina, posizio sozioekonomikoa edota nazionalitatea dena delakoa izanik ere. Edozein gunetan errealitate bat omen da, baita interneten ere. Emakumeen kontrako indarkeria-mota eta forma guztiak detektatzea, ikusaraztea eta baztertzea premiazko eginbeharra dela nabarmendu dute oharrean.

Egoera honen aitzinean, bertze behin ere emakumeen eta LGTBI+ kolektiboaren kontrako indarkeriarik ez dutela onartuko adierazi dute, ez sarearen barnean, ez kanpoan, eta eraso guzti horiei modu kolektiboan erantzunen dietela. Indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat lortu arte borrokan segituko dutela ohartarazi dute Iñarrosik, Baztango Talde Feministak eta Baztango berdintasun batzordeak argitaraturiko oharrean. 

BILERA Berdintasun Batzordeak lanean jarraitzen du eta bere ibilbide orrian hurrengo hitzordua heldu den azaroaren 10ean finkatua du, 18.00etan Udaletxeko batzar gelan eginen duen bilera irekiarekin. Hainbat gai landuko dituzte; lehenik, aitzineko bileraren akta irakurri, eta hala erabakiz gero, onartuko dute, gero azaroaren 25era begira, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren programazioa adostuko dute, mugimendu feministaren eta eragileen arteko koordinazioa antolatuz, eta akitzeko proposatutako bertze edozein gairi buruz arituko dira. Beti bezala, parte hartzea baieztatzeko eskatu diete parte hartzeko asmoa dutenei, berdintasuna@baztan.eus helbidera idatziz.