(H)ilbeltza elkarteak, Euskal Nobela Beltzaren Astea antolatu du berriz ere. Ilbeltzaren 23tik 29ra iraganen da 2023koa, IX. aldia. 

Genero beltza ardatz duen egitasmoak bertze behin ere egitarau oparoa izanen du, aski errotua dagoen eta Euskal Herriko txoko desberdinetatik parte hartzaile aunitz erakartzen dituen Euskal Nobela Beltzaren Asteaz goza dezaten. Nobela beltzarekin lotuak dauden adierazpen kultural desberdinak eskainiko dituzte.

Ilbeltzaren 23an izanen da lehenbiziko ekitaldia. Idazleekin solasean ekimenaren baitan V. (H)ilbeltza bekari esker Eneko Barberenak idatzi duen Suak erreko ez balu nobela beltza solasgai izanen da, 19.30ean Arizkungo Medikuaren etxean.

Asteazkenean, Odol bearbaguea, agirtuco da eguia eurea izenburua duen solasaldia emanen du Joseba Sarrionandiak 19.00etan, Anizko elkartean.

Ortziralean zinemagintza izanen da protagonista. Anjel Lertxundik 1987an zuzendutako Kareletik filma proiektatuko dute 19.00etan Iruritako Gizarte Bilgunean.

Ilbeltzaren 28an, 11.00etan Elizondon, Arizkunenea kultur etxean Zurian beltz. Literatur itzulpenak eta itzulpozak, mahai-ingurua izanen da, Garazi Arrula eta Garazi Ugalderen eskutik, Amaia Apalauza moderatzailea izaki. Ondotik bakzaria izanen da Erratzuko Etxelebert elkartean, eta txartelak ilbeltzabaztan@gmail.com helbidera idatziz erreserbatu beharko dira. Bazkal ondoan hainbat liburu aurkeztuko dituzte: Jon Alonsoren Amaiur bat urtero, Mikel Alvarezen Euskalia. eta Gaizka Ugaldek itzulitako Leonardo Sciasciaren Todo modo. Iluntzean, Susmagarrien gaua izanen da, Baz Town lelopean. herrian zehar.

Igandean ere hainbat ekitaldi izanen dira. Hasteko, 11.00etan Oronoz-Mugairiko aparkalekutik abiatuta Gorputz gorrituen solasa izeneko itzuli beltza eginen dute, eta 19.00etan Arizkunenean, Ruper Ordorika: zuri beltzean emanaldiarekin akituko da Euskal Nobela Beltzaren Astea.