Joan den astean Aholkugunea proiektua aurkeztu zuten Elizondoko Lanbide Eskolan. Proiektu hau Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak 2021ean Lanbide Heziketarako Proiektu Berritzaileen deialdia egin zuenean hasi zen. Izan ere, irakaskuntza-berrikuntzako proiektu gisa aukeratua izan zen deialdi honetan.

Era berean, inguruko negozioen erreleboaren arazoari erantzuteko eskatuz Baztango Udalaren proposamen bat jaso zen Elizondoko Lanbide Eskolako Administraritzako Departamentuan. Hala, lehenengo urrats horien ondotik, 2021eko maiatzean eman zitzaion hasmenta “Inizia-Nafarroa Ekintzailetza- gelak Lanbide Heziketan” programari, eta Elizondoko Lanbide Eskolak bertan txertatu zuen Aholkugunea proiektua.

Programa honen bitartez, eta ekintzailetza-esperientziak sortzea helburu izanik, eskolaz kanpoko erakunde batek proposatutako erronka bati irtenbidea emateko aukera izan dute Elizondoko ikasleek, beti ere beraien zikloan jasotako prestakuntzan lortu dituzten ezagutzak aplikatuz eta ingurunean eragin sozial positiboa ekarriz. Horretarako Cederna-Garalurren laguntza izan dute ikasturte honetan.

Horrela, eta emaitza gisa, Elizondo Lanbide Eskola IIPko Administrazio eta Finantzetako Goi Mailako Lanbide Heziketa Zikloko ikasleek eta irakasleek osatutako lantaldeak, bere Enpresa Kudeaketa ikaskuntza-prozesutik abiatuta, Aholkugunea izeneko webgune bat garatu dute.

Arduradunen esanetan, “webgune honek inguruko enpresaburu autonomo, enpresa txiki zein ertain eta ekintzaile berrien garapena, autonomia eta berrikuntza bultzatzeko kalitatezko arloko baliabide erabilgarriak barneratzen ditu. Gainera, kontsultarako eta laguntzarako gune bat eskaintzen du, baita negozioen erreleboa eta eskualdatzea errazteko tresnak ere”.

Hiru zerbitzu mota eskaintzen ditu: Enpresa-kudeaketaren arloko edukien informazio puntua, Baliabide lagungarrien Gunea izenekoa; enpresa kudeaketa gaiarekin lotutako zalantzak argitzeko eta kontsultak egiteko gunea eta negozio-txandarako gunea, negozioen erreleboa bideratzeko poltsa, jarduera publikoen poltsa eta hutsik dauden merkataritza-lokalen poltsarekin.

Proposamen honen bidez, beraz, Elizondoko Lanbide Eskolak Baztan-Bidasoan dagoen enpresa sarearen beharrei erantzun nahi die eta etorkizunean lanean jarraitzeko aukera emango dien proiektua izan nahi du.

Aurkezpenean, iguruko zenbait agentek parte hartu zuten, hala nola, Xabier Torresek, Eztibeltza Kooperatiboaren izenean; Mikel Sobrinok, Bertan Baztanen izenean; Iñaki Bengoetxeak, Baztango Zaporeaken izenean; Izaskun Abrilek, Cederna Garalurreko Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko Garapen Agenteak, eta Marian Cestauk, Cederna-Garalur eta Tunegocioytu ekimenaren izenean eta kolaboratzaile gisara.

2021etik

Irakaskuntza-berrikuntzako proiektua. Proiektu hau 2021ean sortu zen, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketarako Proiektu Berritzaileen deialdia egin zuenean.

Ekintzailetza sustatzeko programa. Ikasleek sentsibilizazio jardunaldiak, tailerrak eta bestelako formakuntza jaso dute proiektu hau burutu ahal izateko.

Errelebo falta. Inguruko negozioen erreleboaren arazoari erantzun nahi dio proiektuak