Uztailaren 21ean ospatuko den aurtengo Baztandarren Biltzarra iragarriko duen kartela aurkeztu dute. Saioa Ligos elizondarrak egindako diseinu “bizi eta ikusgarria” izan da aurtengo hautatua.

Baztandarren Biltzarra elkarteko kidea den Kattalin Arizmendik adierazi duenez, duela hilabete batzuk hasi ziren lanean eta, data hurbiltzen doan heinean, “nabariak dira urduritasuna eta gogoak”.

Besta honen oinarrian dauden elkartasuna, auzolana, identitatea eta euskara nabarmendu nahi izan dituzte eta urtero bezala, aurtengoan ere egun osoko egitaraua izanen dela aurreratu dute: orga desfilea, artisauak, bazkaria eta bazkalosteko dantzaldia.

Kartelari dagokionez, Saioa Ligos egileak berak azaldu ditu xehetasunak. Iaz Pello Fagoaga erratzuarrak sortutako iruditeriari jarraiki, Ligosek lau pertsonaia kokatu ditu diseinuan. Haietako bi “modu tradizionalean” jantzita daude eta bertze biak, “nahasketa moduko batekin”. Era honetan, pertsona bakoitzaren nortasun propioa adierazteko askatasuna adierazi nahi izan du, “epaitua eta diskriminatua izateko beldurrik gabe”. Irudiaren bidez, eta Baztandarren Biltzarra bestaren bidez, “aurreiritzien desagerpena” bilatzen dutela azaldu du, “guztiok ongi etorriak eta onartuak” izan gaitezen.

31

En imágenes: lo mejor del Baztandarren Biltzarra (en su edición más calurosa) JUAN MARI ONDIKOL

Hau horrela, aurten ere “besta seguru baten alde” eginen dutela azpimarratu dute, “protokolo feminista batekin eta, nola ez, herritarron konpromezuz eraikiz”. Horretaz gain, herritarrak “besta ereduan normalizatuak dauden hainbertze jarrera bortitz birpentsatzera” animatu nahi izan dituzte eta bestan norberak nahi duen bezala janzteko aukera defendatu dute. “Gona edo galtza, garrantzitsuena elkar errespetuz jokatzea da”, beti ere euskara ahantzi gabe.

Bukatzeko, baztandarrei “baserritar jantziei hautsa kentzen hasteko” gonbita egin diete, aurtengo uztailaren 21ean “elkar ikusteko” asmoarekin.