UEMAk antolatutako Salto! Udaleku ibiltarian parte hartuko duten 120 lagunek Arantzatik Elizondorainoko bidea egingo dute aurtengo edizioan.

Udalekuetan bi txanda egongo dira eta hauetako lehena dagoeneko abian da. Ekainaren 24tik uztailaren 2ra izanen da eta ondotik, uztailaren 2tik 12ra bigarren txanda eginen da.

Hala, hamar egunetan zehar, Arantza, Doneztebe, Oronoz-Mugairi eta Elizondotik pasako dira 2006 eta 2009 urteen artean jaiotako gazteak.

Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan ahalduntzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da udaleku hauen helburua.

Aurtengo udalekuetan parte hartu ahal izateko izen emateko epea otsailean zabaldu zen eta guztira 235 lagunek eman zuten izena. Hala ere, antolakuntza kontuengatik kopurua 120 lagunetara mugatu da eta lurraldetasuna, genero irizpidea eta izena emateko ordena kontuan hartuta, parte hartzaileak hautatzeko zozketa egin du UEMAk.

Udalekuaren kudeaketa ai-sialdi euskaltzalean lanean aritzen den Hezten elkarteak darama, eta bertako hezitzaileek izango dute gazteen ardura udalekuak iraungo duen bederatzi egunetan.

Modu honetan, 60 gaztek osatutako lehenengo taldea Arantzatik abiatu da astelehen honetan hezitzaile taldeak lagunduta.

Datozen bederatzi egunetan Arantza, Doneztebe, Oronoz-Mugairi eta Elizondo herriak ezagutuko dituzte, betiere, euskaldun gisa ahalduntzeko UEMAk eta Hezten elkarteak prestatutako egitarau oparoaren baitan.

Era berean, gazteen arteko sareak sortzen, genero-estereotipoei eta rolei aurre egiten dieten berdintasunezko eta errespetuzko jarrerak sustatzen, eta ibilaldietako eta herrietako baliabideak aprobetxatuz gazteen artean ingurumen- eta ekologia-kontzientzia barneratzen eta garatzen ere ahaleginduko dira hezitzaileak.

Euskararen inguruan herritarrak ahalduntzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua abian du. Gazteen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.