Iaz, 2.100 urteko elkarbizitza izeneko egitarau mamitsua antolatu zuen Iruñeko Udalak, Pompelo sortu zenetik Iruñeak egindako ibilbidearen omenetan. Baskoiak, jakina, Pompeloren sorreraren lekuko izan ziren, erromatarrek haien hiri nagusiaren gainean ezarri baitzuten hiri berria. Baskoiak, dena den, ez ziren behar bezala kontuan hartu joan den urteko ekimenean eta, orain, Irulegitik Pompelora izeneko erakusketa ikusgarria zabaldu da hutsunea betetzeko. Iruñeko alkateak berak aitortu zuen hori ortziral arratsaldeko ekitaldi ederrean, ia 500 lagunen aitzinean, Pompelo Civivox berriko ekitaldi aretoa jendez lepo zegoela.
Aranzadi Zientzia Elkartea arduratu zen ekitaldia bikain prestatzeaz, bai eta erakusketa ederki apailatzeaz ere, hainbat unibertsitateko ikertzaileekin lankidetzan. Erakusketak Iruñerriko baskoien bizimoldea ekarri digu Iruñera, bai Irulegitik, bai baskoien lurraldeko bertze leku batzuetatik. Irulegi ez baita esku hutsa, eskuak sekulako garrantzia izanik ere: haien ohiturak, lanbideak, tresnak, apaingarriak, armak, aldare-harriak, bai eta etxeak ere. Eskua agertu zeneko etxea berregin dute tamaina errealean. Hitz batez, baskoien gizarte antolatua dugu ikusgai, erromatarrek beren gerra zibilaren baitan guztiz erraustua. Nork, ordea? Sertoriok ala Ponpeiok? Ezin jakin, oraingoz. Ortziraleko ekitaldian entzule, bertzeak bertze, Foru Gobernuaren eta Parlamentuaren ordezkariak. Ez, ordea, Principe de Vianako arkeologia arloko goi arduradunak, gonbidatuak egon arren. Arlo horretako teknikari batzuk, bai, baina beren borondatez joandakoak. Han ere Santa Kriz aztarnategiko arduradunak, liluratuak. Eta erakusketa auzolanean eta muxutruk egiten aritu diren boluntarioak, Irulegi hein handian auzolana den bezala. Laguntza ofizialak ez baitira aski, ezta Irulegin inor liberaturik aritzeko ere.