Hitza azken urteotan zabaldu da Iruñeko euskal inaute giroan. Alde Zaharrean entzun zen lehendabizikoz, duela ia hamar urte. Gero, Arrosadiraino egin zuen jauzi eta, aurten, lehen aldiz, Arga gurutzatu eta Arrotxapean aditu zen atzo, hiru asaldu egin baitzituzten, plazako emanaldi jendetsua jokatu baino lehen.
Propio sortua da Hiri Buruzagirako, inauteri euskaldun jakin bat ere berariaz Iruñean ondua, begirada Ipar Euskal Herriko inauteetara pausatuta eta hango inaute garaiko moldeak hona ekarrita, baina azalez eta mamiz hemengo manerekin jantzia.
Dagoenekoz, gisa horretako hiru inauteri ditugu Iruñean: Alde Zaharreko Iruinkokoa, Arrosadiko libertimendua eta Errotxapeako libertimendua. Antzerkia, dantzak, doinuak, musikak, karrikadantzak, mozorroak, zirtzilak, bertsoak eta ezin konta ahala osagai gehiago. Dena zirto, ziri eta irri. Dena euskaraz.
Horrek, jakina, balio handiagoa ematen dio inauteri molde horri. Alimaleko balioa, hobeki erran. Hemengo jende gaztea eta euskaraz. Parte-hartzaile guztiak euskaldunak, multzo ederra hiru auzo horietako bakoitzean.
Euskara herri kulturari eta sorkuntzari lotua, baina baita harremanei, aisiari, pozari, irribarreari eta gozamenari ere, hainbat hilabetez. Izan ere, jendaurreko ekimena goiz-eguerdi batekoa bada ere, hilabeteak eta hilabeteak behar dira dena ongi prestatzeko, astez asteko entseguetan, euskaraz egiten diren entseguetan.
Euskal gazte iruindarren arteko erdal harremanak eta erdarak zipatutako hizkuntza ohiturak bertzelakotzeko eta euskalduntzeko bide aproposa. Aurten, erran bezala, hiru auzotan. Ea auzo gehiago lotzen diren datozen urteetan.
Bitartean, hurrengo asalduak gaur zortzi izanen dira, Zaldiko Maldikotik abiatuta. Hortaz, asaldua zer den behar bezala jakiteko parada ederra. Asaldu on.