doneztebe - Liburutegiko ateak irekiko dituzte berriro astelehenean. Digitalizazio-lanen %60a egin dute eta gainerako %40a, aurten egitekoa dute, baina liburutegia itxi gabe. Ohiko ordutegia izanen du, astelehenetik ortziralera, 17.00etatik 20.00etara.

Irailetik otsailera bitarte liburutegian digitalizazio-lana egin dute. Horretarako, Nafarroako Gobernuak, esleipen bidez, kanpoko enpresa bat kontratatu zuen. Dagoeneko irakurleen aretoko aleak digitalizatuak daude: narratiba, haur eta gazteen aleak, baita ikus-entzunezko materiala ere.

Hemendik aitzinera mailegua erabili ahal izateko erabiltzaileek Nafarroako Liburutegietako karneta egin beharko dute eta Liburutegi Sareak ezartzen dituen baldintzak eta protokoloak jarraitu beharko dituzte. Norbanakoen bazkidetzaz gain, talde bazkidetza egiteko aukera ere izanen da. - A.A.A.