elizondo - Frantziako Val de Drôme eskualdean egon berri dira hemeretzi baztandar Arras Baztan fundazioak joan den asteburuan egindako ibilaldian. Helburua 2000. urteaz geroztik lantzen ari diren Biovallée lurralde garapen estrategia ezagutzea izan da eta, horretarako, Biovallée elkarteko arduradunekin eta Val de Drôme eskualde admnistratiboko ordezkari politiko eta teknikariekin egon dira.

Astelehenean Eurren dagoen Biovallée-Le Campus ekoegoitzan egun osoko saio trinkoa egin zuten Biovalléeren ezaugarriez, bilakaeraz, oinarriez eta antolaketaz ikasteko. Aldi berean, Val de Drômeko tokiko nekazaritza estrategiaz eta energia trantsizio estrategiaz aritu ziren.

Jean Serret Eurreko alkate eta Val de Drômeko lehendakariak harrera egin eta bertako lurralde garapena ulertzeko denboran 40 urte gibelerat egin behar zela adierazi zien. Orduko gainbeherari ingurumenaren balioztatzearekin eta nekazari-tzaren eraberritzearekin egoera iraultzen hasi zirela jakinarazi zien. Bertzalde, Biovallée elkarteko arduradunek elkartea 2012. urtean sortu zela jakinarazi zuten, lehenago sortu zen marka kudeatzeko elkarte bezala. Urte guzti hauetan aunitz ai-tzinatu dute. Augustin Gendouz elkarteko idazkari nagusiaren erranetan, urte honen akabailan 1.000 bazkide izatea aurreikusten dute, erakunde publiko, enpresa eta norbanakoen artean. Hori , 55.000 biztanle dituen eskualdean.

Biovallée marka eragile bakoitzak bakarka erabiltzen du, horretarako eskaria eginez eta autoebaluzazioan oinarritzen den konpromisoarekin. Konpromiso gutunak, hain zuzen, denak norabide berean ibiltzeko tresna eskaintzen du, 55 konpromiso zehatzen bidez garapen iraunkorraren bidean ingurumen, ekonomia, gobernantza eta alderdi sozialetik lurralde bezala ibiltzeko; hau da, lurraldearen eraldaketarako tresna ere bada. Gendouzek errandakoaren arabera, eskualdeko eragile guztiek ez dute Biovallée ongi ikusten, baina ibili beharra omen dago eta egindakoa ibilitakoan ikusten omen da. Denen adostasunaren zain egon izan balira ez omen lirateke ibiltzen hasi izanen.

Val de Drômeko nekazaritza arduraduna laborantzaz mintzatu zi-tzaien. Beren planteamendua makro eskalatik hurbilekora ekartzea izan da eta modu horretan tokiko elikadura sistema antolatzen hasi dira. Tokiko eta lurralde ikuspegitik nekazaritzak balio handia hartzen du, lurraldea artikulatzeko ahalmena baitu, jateko osasuntsuak ekoizten ditu, paisaia eraikitzen du e.a. Hortaz, nekazaritza jendarte osoaren afera bilakatzen da, ez sektorearena soilik. Bertako nekazarien %38a ekologikoan ari da, Frantziar estatuan %3,5ko datua dagoelarik.

Energia kontuez aritu ziren. Landa eremuan energiaren kontsumoaren ezaugarriei buruz. Energiaren zati handiena mugitzeko xahutzen dela eta, beraz, bertze mugikortasun eredu bat bultzatu behar dela argi dute. Halaber, energia ekoizteko proiektu desberdinak abiarazi zituztela jakinarazi zuten, horietan gehienak eguzkiaren indarra baliatzeko. Ildo horretan, eraikuntzak energetikoki eraginkorrak izatea garran-tzitsua dela aipatu zuten.