elizondo - Baztandarren bilgune eta elkartze besta den Baztandarren Biltzarra eguna hurbiltzen ari dela eta, aurtengo besta iragarriko duen irudiaren inguruan solasteko elkartu dira elkarteko kideak eta aurten ere lehiaketarik ez dela izanen erabaki dute. Bertze alorretan bezala, bertakotasuna bultzatu nahian, irudia Baztango artista grafiko baten eskuetan uztea erabaki dute.

Gisa honetan, kartelaren kalitatea ziurtatzeaz gain, irudiak bestaren esentzia eta izaera garbi erakustea bilatzen dute, eta bidenabar, lehiakortasuna ekiditea. Honenbertzez, Baztandarren Biltzarra eguna iragartzeko kartela egitera animatu nahi dituzte Baztango artista grafikoak. Horretarako, jada egin dituzten lanen portafolioak apirilaren 4a baino lehen aurkeztu beharko dituzte, elkarteak beraien berri izateko. Lanak formato digitalean grafismoa@baztandarrenbiltzarra.eus helbidera bidali behar dira. Jasotako portafolioen artean aurtengo besta iragarriko duen artista hautatu eta berehala jakinaraziko diote. Gainontzeko portafolioak, berriz, datozen urteetarako hautagai gisa gordeko dituzte, elkartearen asmoa urtero artista ezberdin baten lana aukeratzea baita. Iaz Pello San Millanen kartel bikoitza aukeratu zuten Baztandarren Biltzarra eguna iragartzeko. - F.A.G.