bortziriak - Astelehenean ireki dute Bortzirietako udalekuetan izena emateko epea. Ohi bezala, udalekuetan 3-12 urte bitarteko neska-mutikoek izen ematen ahal dute, eta lehentasuna izanen dute Bortzirietan erroldatuak direnek edota bertako ikastetxeetan ikasten ari direnek (D eta B ereduetan). Herri bakoitzean taldea sortu ahal izateko gutxienez 10 neska-mutikok izen eman beharko dute.

Izena emateko hondarreko eguna maiatzaren 31 izanen da. Interesa dutenek Mankomunitateko webguneko formularioaren bidez edo 680 650 650 edota 948 63 41 25 telefonoetara deituz (09.00etatik 13.00etara) eman dezakete izena.

Uztailaren 1etik 26era Arantzako Herri Eskolan, Berako Ricardo Baroja Ikastetxean eta Labiaga Ikastolan, Etxalarko Landagain ikastetxean eta Igantziko Barazarrean elkartuko dira. Uztailaren 15etik abuztuaren 9ra, berriz, Lesakako Irain Ikastetxe Publikoan.

Haur bakoitzak 4 asteko egonaldiaren truk 90 euro ordaindu beharko ditu eta bi asteko egonaldirako, berriz, 50. Bi anai-arreba diren kasuetan 150 eta 80 euro ordainduko dituzte, hurrenez hurren. Hiru senide diren kasuetan beherapenak izanen dituzte: 180 (lau aste) eta 90 euro (bi aste) ordainduko dituztelarik.

Era berean, behar ekonomikoak dituzten familiek aipatutako tarifen %50a ordainduko dute. Horretarako, izena eman ondotik, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearekin harremanetan jarri behar dira (948 63 50 36).

Informazio gehiago www. bortziriak.eus atarian eskura daiteke.

Begiraleen lan-poltsa Begiraleen lan-poltsa osatzeko deialdia ere egin du . Interesa dutenek eskaerak maiatzaren 30a baino lehen aurkeztu behar dituzte Mankomunitatearen egoitzan (Herriko Etxeko Plaza 7, 31790 Arantza). Deialdian parte hartzeko beharrezkoa da 16 urte beteak izatea eta DBHko titulazioa edo baliokidea izatea, baita euskaraz jakitea ere (C1 maila). Eskaera guztiak jaso ondoren, baldintzak betetzen dituztenek ahozko proba praktiko bat egin beharko dute ekainaren 6an, Berako Beralandeta eraikinean. - A.A.A.