elizondo - Dena prest du Baztandarren Biltzarra elkarteak aurtengo ospakizunerako. Bi aste pasatxo falta dira uztailaren 21ean, Baztanen eskuara barra-barra lelopean bailarako biztanle guztien elkargunea den bestan murgiltzeko.

Azken hilabeteetan, eta batez ere azken asteetan, elkarteko kideak buru-belarri aritu dira eta ari dira besta antolatzeko egin beharreko lanetan, batzordez-batzorde, xehetasun guztiak prest izateko. Berriki eman zuen ezagutzera elkarteak aurtengo besta iragartzeko kartela nork egina zuen eta zein zen, izan ere, aurten ere ez da besta iragartzeko kartel lehiaketarik egin. Iazko bideari jarraiki, Baztango sortzaile bati eman zaio aukera. Miren Karmele Gomez artista elizondarrarena izan da Baztandarren Biltzarra iragartzeko kartela egiteko ardura. Aitzineko kartelekin alderatuta, proposamen urratzaileagoa egin du Gomezek. Irrintzi baztandar bat irudi bilakatu du, sinestesia deituriko zentzumenaren bidez. Kartel hori oinarritzat hartuta kamisetak egin eta Elizondoko Mendi ostatuan salgai jarri dituzte. Gainera, larunbatetan, 11.00etatik 13.00etara eta besta aitzineko astean arratsaldero ere, Baztandarren Biltzarra elkartearen egoitzan denendako eskuragarri izanen dira.

abanderatua Atzo aurkeztu zituzten kamisetak eta bestaren aitzineko azken berriak ere eman zituzten Baztandarren Biltzarreko kideek. Baztandarren Biltzarra eguneko ekitaldi nagusia, herriz herri egiten diren orgen desfilea izaten da, eta urtero elkarteak orgen desfilea zabaltzen dituzten banderak nork eraman aukeratzen du, aitortza gisara. Aurten, Bidelagun elkarteak izanen du banderak eramateko ohorea eta ardura. Landa eremuan gizarte boluntariotza garatzeko xedez sortu zen Bidelagun elkarteak hogei urte bete ditu aurten. “Bertzelako mundua posible da” lelotzat hartuta, eriak, adinekoak, ahalmen urritasuna dutenak edota egoera txarrean dagoen edozein talderi laguntza eskaintzen dio elkarteak. Bi hamarkadako ibilbidean ehunka laguni eman die Bidelagunek babesa, eta Baztanen egindako lanaren aitortza gisa, uztailaren 21eko orgen desfilea irekitzeko ohorea izanen dute elkarteko kideek.

Iragan urteetan bezala, aurten ere, orgen desfilean Euskal Herriko zazpi probintzietako musikari eta dantzariak gonbidatzeko ahalegin berezia egin du Baztandarren Biltzarrak. Bertako taldeez gain, aurten, berritasun modura, atzerritik etorritako talde bat ikusteko parada izanen da. San Francisco Basque Culture Center, Chino Basque Club, Kern County Basque Club (Bakersfield), Iparreko Ibarra Basque Club (Rocklin) eta Fresno Basque Club euskal etxeetako 50 musikariz eta dantzariz osatutako talde batek hartuko du parte desfilean. Horiekin batera, bidaian etortzekoak dira beren senideak ere. Orotara, 160 lagun inguru etorriko dira Baztanera, horietako anitzek jatorri baztandarra dutelarik.

bazkaria Elizondoko Merkatu plazan eginen den bazkariari dagokionean, Baztandarren biltzarrak bertako nekazari eta abeltzainek ekoitzitako produktuen aldeko apustua egiten jarraitzen du. Iaz bezala, bazkariko txartelak 23 euroan salduko dira, eta uztailaren 17an izanen da aurrez-aurreko salmenta, 10.00etatik goiti, Baztandarren Biltzarraren elkartearen egoitzan. Txartel guztiak ez badira egun horretan saltzen, uztailaren 21ean eskuratu ahal izanen dira, goizez, Elizondoko plazan paratuko den txosna ondoko mahaian.

hondakinak Bertzalde, bestan sortzen diren hondakinak murrizteko lanean jarraitzen du elkarteak. Bertze urte batez, edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatuko du. Berrikuntza modura, ohiko komun kimikoez gain, egun dauden alternatibak Baztandarren Biltzarra bezalako besta handi batean egingarriak diren ala ez jakin nahi du elkarteak, honela, belar bola bat erabiliko da pixa-toki modura. Alternatiba horrek funtzionatuz gero, litekeena da pixkanaka komunen eredua aldatzen joatea.

Uztailaren 21ean, denei Elizondora hurbiltzeko gonbita luzatzen die Baztandarren Biltzarra elkarteak. Baztango hamabortz herriak beren orgekin bestan izatea espero du, eta denek bestaz gozatzea, beti ere, eskuaraz barra-barra eginez.

Abanderatua. Aurten 20 urte bete dituen Bidelagun elkarteak eramanen ditu banderak.

Bazkariko txartelak. Uztailaren 17an. 10.00etatik aitzinera salduko dira, 23 euroan, Baztandarren Biltzarraren egoitzan.

BAZTANDARREN BILTZARRA “GIZON ZEIN EMAKUME OROK ONGI PASATZEKO BESTA DA”

Elkarteak argi utzi nahi izan du ez duela Mutil Dantza baztertzailerik babestuko, denak dantzara animatuz. Gainera, elkarteak ohartarazi du sexu erasoen salaketen aitzinean, eraso sexisten aurkako protokoloa martxan paratuko duela.