Baztango Udalak Baztango Paisaia Kulturala eta Ondare Etnografikoa Ezagutzeko Ibilbideak eskuorri eta gida argitaratu berri ditu. Egiletza kontzeptuala eta intelektuala Jauregiarte taberna kulturaleko Pello Iriarterena da, eta Arkaitz Muratorik, BaztanTrek ibilbide interpretatuen arduradunak ibilbideak diseinatu eta kalibratu ditu.
Iriartek dionez “edukia duten ibilbideak dira. Baztango egungo geografia sozial eta kulturalaren jatorria gogora ekarriko digute. Edukia dute, eta eskola zein bisitarien interesekoak izaten ahal dira, edo asteroko pasiotan ibilbide berriak probatu nahi dituen horrendako. Gure iruditegi kolektiborako eta egunerokorako tresna ttipi bat ere bada”.
Muratorik diseinatutako ibilbideak adin eta sasoi guztietarako pentsatuak daude: 1,5 km ditu laburrenak eta luzeenak 13 km, desnibelak 65 eta 400 metro artean koka-tzen dira eta ibilbidearen arabera, 45 eta 150 minutuko iraupen bitartekoak daude, erritmo lasaian eginez gero.
Baztango hamabortz herri eta zenbait auzora hedatu nahi izan dute lan hau, www.valledebaztan.com eta www.baztanturismo.eus web orrietan kontsultatu eta ibilbideak wikiloc-etik deskargatu daitezke.
TURISMO DATUAK Otsailetik Turismo Bulegoaren egoitza Foruen Plazako udal eraikinaren beheitiko solairuan kokatua dago. Bertan Jasone Astibia eta Xanti Alzuguren aritzen dira lanean. Turismo bulegoak bisitari fluxuaren zati handi bat bideratzeaz gain, fluxu honen erradiografia egin ahal izateko lagin erranguratsua ematen du, eta orain artekoaz Altzugurenek dio uztaila pixka bat bajuagoa izan bada ere, abuztura bitartean bulegoan izan dituzten bisiten kopuru metatua mantendu dela, 10.076 bisitarirekin. Azken urteetako datuekin alderatuz, 2016an kopuru metatua 9.514koa izan zen, 2017an 10.835ekoa, eta iaz, 2018an, 8.813koa.
Dena den urteko kopuru osoa kontutan hartuta, Turismo Bulegotik pasatzen den bisitarien %60tik goiti abuztutik abendura bitartean izaten da. Urrian zehar irakurketa sakona egiteko asmoa du Udalak, sektoreko eragileekin (alojamenduak, tabernak, bisita gidariak, museoak?), datuak kontrastatuz.
Bisitari motari buruz, Astibiak adierazi du balio ekologikoa eta etnografikoa bila-tzen duenaren profila dagoela piramidearen oinarrian, eta fenomeno literario eta zinematografikoen eragina ere agerikoa dela, iragankorra bada ere. Bizikletaz hurbiltzen direnen joera ere handitu da, eta ezaugarri iraunkorreko jarduera izaten ahal dela nabarmendu du, estazionalitate zabalekoa.
Turista mota desberdinak daude eta denek ez dute gauza bera bilatzen. Errate baterako, bailaratik pasatzen diren erromesak ere badaude, beharbada bertze turismo bat egiten dutenak, hainbat dira Donejakue Bidea egiten dutenak, Baztango Bidean barrena. Honen harira, adibidez, pasa den ortziralean Elizondon, Santiago elizaren atarian Donejakue Bidearen inguruko antzezpen bat egin zen. Jende dexente hurbildu zen antzerkia ikustera, bai erromesak, bai bertakoak, ere, tartean, Baztango Donejakue Bidearen lagunak taldeko kideak.
ETORKIZUNA Xabi Torres, Turismo, merkataritza eta kontsumo zinegotzia da joan den ekainean kargua hartu zuenetik. Udaletxean denbora guti daraman arren, argi ditu gobernu taldearen asmoak:
Turismoak modu anitzetan eragiten du ehun sozioekonomiko eta kulturalean. “Udalaren eginkizunetako bat sustapena da, baina udal-ekimenak sustapen hutsetik harago ere behar du. Urte osoan zehar bertan bizi garenon zaintzaren ikuspuntutik, emaitza handiena ordez, nahi dugun emaitza erdiestea da gakoa. Turismoak dituen er-tzak eta sinergiak irakurri beharko ditugu heldu diren lau urteetan”.
Gutasuna eta lurraldea osotasunean begiratuko dituen ikuspegian kokatzea garran-tzitsua da Torresen ustez. Baztan landa eremua da, eta ber-tze landa eremuetako ohiko adierazle ekonomikoa, autonomoen tasa handia, Baztango kasuan %48koa da. Ezaugarri hauekin, funtsezkoa izanen omen da sare sozioekonomiko kolaboratiboa ehun-tzea eta balio ekologikoak aintzat hartzea. Azken finean, sistema gizatiar, ekonomiko eta kultural jasangarria gure buruari eta bisitariari ere oparitzea.