- Iazko lehen esperientziaren ondotik, Euskal Herriko Unibertsitateak urtero eskaintzen dituen udako ikastaroen baitan, Baztango Udalarekin elkarlanean antolatutako Landa-eremuan zahartzea. Adineko pertsonak zaintzen laguntzeko sareak izeneko ikastaroa burutu zen atzo Elizondon, Arizkunenea kultur etxeko ganbaran. Egoerak eskatutako segurtasun neurri guztiak hartuta parte hartu zuten izena emandako 25 lagun inguruk, eta goiz eta arratsaldez landa eremua oinarri hartuta, adineko pertsonen zainketaren inguruan erreferentea den Matia Fundazioko kideek beren esperientzia desberdinak partekatu zituzten. Solasaldi eta mahai inguruek osatu zuten egitaraua. Goizean zehar, errate baterako Etxean bizi, etxeko arretarako eredu berri bat aurkeztu zuten, baita Matiazaleak ekimenaren berri eman ere, pertsonei zahartze prozesuan lagun-tzea, haien ongizatea hobe-tzeko, eta haien autonomia eta duintasuna sustatzeko ezagutza eta zerbitzu pertsonalizatuak sortzea xede duena. Ondotik Euskadi lagunkoi izeneko proiektua aurkeztu zuten Matia fundazioko kideek, zeinak adinekoen artean eta, oro har, gizarte osoan partaidetza sustatzea duen helburu. Zaurgarritasunaz eta aktibitate fisikoaren garrantziaz ere solastatu ziren bertze atal batean, eta Danimarkatik ere bideokonferentziaz parte hartu zuen Heitor Lantaronek, adinekoendako bizitza osorako etxebizitzen inguruko informazioa partekatuz. Eguerdian bazkaltzeko atsedena hartu ondotik, arratsaldeko saioan zaintzaileak zaintzearen inguruko hausnarketa eta bizipenak izan zituzten hizpide, familia eta emakume migra-tzaileen paperak ardatz hartuta. Adinekoekin lan egiten duten profesionalak izan ziren, batez ere atzoko jardunaldian parte hartu zutenak, eta arras gustura gelditu ziren atzoko saioarekin.