Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, Baztango Udaleko Kultura eta Berdintasun Batzordeak hainbat ekimen antolatu ditu azken asteetan, eta horietako bat, Iruñeko Udalaren laguntzaz, euskara sustatzen aritu diren emakumezkoei buruzko Hemen baditun 14 erakusketa da, Elizondon dago ikusgai, Arizkunenea kultur etxean.

Perpetua Saragueta, Maritxu Viscarret, Feli Setoain, Mikaela Labayen, Petra Azpiroz, Paulina Urkiola, Luzia Goñi, Mikela Gastesi, Ceferina Fontellas, Ana Maria Echaide, Mirentxu Loyarte, Xole Erbiti, Pakita Zabaleta eta Sagrario Aleman dira Hemen baditun 14 erakusketaren protagonistak.

Inés Castiella Imaz irakaslearen ideia batetik sortua da aipaturiko erakusketa, 14 emakume horien lana ikusarazteko eta errekonozimendu berezia jasotzeko. 2019ko abenduan inauguratu zen Iruñean, Condestable jauregian, eta erakusketaren inaugurazio ekitaldian merezitako aitortza egin zitzaien protagonistei.

Erakusketak askotariko profil pertsonal eta profesionalak dituzten hamalau emakume biltzen ditu, XX. mendean zehar, Nafarroan, hainbat esparrutan euskara sustatu eta normalizatzeko bidean lan egin dutenak, eta batzun kasuan oraindik ere lanean dihardutenak. Hala nola irakaskuntza eta ikerketa, musika, kazetaritza, idazketa eta bertsolaritza, zinema, administrazioa, merkataritza edo hizkuntzaren beraren memoria eta testigantzaren kontserbazioa, bai etxean bai publikoan. Erakusketak 15 panel ditu, lehenengoa erakusketaren beraren sarrera, eta gainerakoa euskararen alde egindako lanagatik aintzatetsitako hamalau emakumeen argazki eta biografiekin. Panelei erantsitako pantaila batean, erakusketa osatzen duten emakume batzuekin lotutako ikus-entzunezko materialak ikusi ahal izangen dira.

Azken batean, emakume horiek eta euskararen alde lan egin duten eta lan egiten jarraitzen duten guztiak omendu nahi dira, eta, aldi berean, esparru horretan ikusgarritasunari dagokionez emakumeen eta gizonen artean dagoen aldea ezabatzen ahalegindu.