Pasa den maiatzaren 15ean Elizondo eta Lekaroz artean egindako manifestazioaren eta egun gutxiren buruan 10 baztandarrek jasotako salaketen ondotik batzar irekia egin zuen Aroztak ekimenak eta gertakariak baloratu ondotik prentsa ohar bat zabaldu dute.

Aroztak ekimenak maiatzaren 15eko manifestazioarekin kontent agertu da, "arrakastak gure borrokaren zilegitasuna eta indarra berresten du". Nabarmendu du "berriz ere herri honek ez duela proiektu hau gauzatzea nahi eta prest dagoela hau gelditzeko lanean segitzeko".

Gainera, bertze bide guztiak agortu direnean, "karrikak, oihanak eta belagiak hartzea" omen da bide bakarra "Palacio de Arozteguia S.L eta kudeatzaile lanetan dabiltzan ordezkari politiko guztiak UGEP (Udalez Gaindiko Eragina duen Plana) hau bertan behera uztera behartzeko". Manifestazioan bertze behin herriak bere iritzia eman du Aroztaken erranetan, eta orain "Gobernuari dagokio herritarren nahia betetzea".

Bertzalde, jasandako "jazarpen judiziala eta poliziala" ere salatu dituzte: "zoritxarrez, enpresaren zein gobernuaren joera inposatzaileari jarraikiz, erantzuna berriz ere jazarpen judiziala eta poliziala izan da", Aroztegiko egitasmoaren aurka aritutako 10 kide polizia etxera deklaratzera deituak izan baitira "gure ingurua xehatu, herri lurrak zein bertako nekazarien lurrak bereganatu eta gure bizimodua suntsitu nahi duten horiei, kalte psikologikoak eragin zaizkiela leporatuta".

Dena den, argi utzi nahi izan borrokan segituko dutela, "ez gaituztela isilduko eta ez gaituztela geldituko", eta "errepresioarekin gibelerat pausoa eman behar genuela uste zuten horiei gure borrokarekin" segituko dutela jakinarazi nahi izan diete, "Aroztegiko UGEPa bertan behera gelditu arte".