Ortzegunean, hiruhilero ospatzen den Batzar Nagusia burutu zen Baztango Udaletxean. Uztaileko bilkuran, ohikoa den gisan, Baztango Lur komunalei loturiko ohiko tramitazioak egin zituzten. Aprobetxamenduen titularitate aldaketak, luberriak, landaketak, iratzelaiak, herri lurren okupazioak, trukea edo urari edo bideei egokituriko puntuak hizpide hartu zituzten.

Bertzelako puntuetan, Ernesto Prat Urzainki Lekarozko zipeko alkateak Aroztegiari loturik aurkezturiko mozio bat babestu zuen Batzar Nagusiak, aldeko 18 bozekin, kontrako 5ekin eta 5 abstentziorekin.

Onarturiko mozioaren bidez, Baztango Batzar Nagusiak Nafarroako Gobernuari Aroztegiko Udalerriz Gaindiko Eragina duen Plana bertan beheiti utz dezan eskatu dio, hala nola, proiektuarengatik beren lurren gaineko kontrola galdu eta kaltetuak suertatu diren herritarrei elkartasuna erakusteko hautua ere egin zen eta mobilizazioetan parte hartzeagatik zitazio polizialak eta isunak jaso dituzten herritarrei elkartasuna erakutsi zaie.

Mozioaren erraten zenez, Lekarozko herrian kokaturik dagoen Aroztegia jauregian eta inguruko eremuetan Palacio de Arozteguia S.L. sustatzaileak luxuzko hotela, golf zelaia eta 228 etxebizitzako urbanizazioa eraiki nahi ditu, lur hauetako batzuk jauregikoak direlarik eta bertze batzuk zenbait herritarrenak, baita komunalak ere.

Gogora ekartzen zuen 2009. urtean Lekarozko herriko batzarrak deitutako herri galdeketan lekaroztarrek ezetza eman ziotela proiektuari eta 2016. urtean Batzar Nagusiak antolatutako herri galdeketan ere baztandarrek ezetza eman ziotela proiektuari.

Nolanahi ere, testuak gogora ekartzen du Nafarroako Gobernuak Udalerriz Gaindiko Eragina duen Plan (UGEP) gisan onartu zuela, proiektua inposatuz bertako herritarren zein instituzioen erabakitzeko ahalmenaren gainetik. Finean, Udalerriz Gaindiko Eragina duen Plana proiektuaren inguruko eztabaida soziala saihesteko trikimailua izan dela salatzen du mozioak, azkenik inposizioa gauzatuz.

Halaber, mozioan jakinarazten zen 2021. urteko apirilean lehen hondeamakinak sartzearekin batera, herritarren mobilizazio jendetsuak gertatu zirela, lanak gelditzeraino. Eta maiatzaren 15ean Baztanen ezagutu den manifestaziorik jendetsuenetako bat burutu zela, eta hortik egun gutxitara, azken asteetako mobilizazio ezberdinetan parte hartzeagatik hainbat herritarrek zitazio polizialak eta isunak jaso zituztela.

ARITZAKUN Imanol Etxeberria eta Kaiet Itoitz, Arizkun eta Erratzuko zinpeko alkateek Aritzakungo auzokideen izenean aurkezturiko mozio bat ere onartu zen, aho batez. Mozioaren bidez, Aritzakungo sarbideak behin betiko zolaberritzea eta bertako baserri eta auzokideei sarbide egoki bat ziurtatzea eskatu zen, honetarako Batzar Nagusiak eskaera behar den tokira bidera dezan.