Asteartean hasi ziren Baztango Udalarena den Iruritako hiltegian lanean hurrengo lau urteetarako esleipena lortu duten kudeatzaile berriak. Udal hiltegiaren zerbitzu publikoaren errentamendua lehiaketa bidez esleitu da eta bazkide baztandarrak dituen Loizu Denon Hiltegia izeneko enpresa izanen da onuraduna. Udalak, lizitazioan parte hartu zuen enpresa bakarrari esleitu dio, honenbertzez, udal hiltegiaren kudeaketa.

Hurrengo lau urterako esleipena da, eta hilean 760 euroko kudeaketa kanona ordaindu beharko du. Honez gain, Loizu Denon Hiltegia esleipendun berriak «4.560 euroko behin betiko bermea» jarri behar du, bai eta «arrisku anitzeko aseguru-poliza, une bakoitzean instalazioen eta haien ekipamenduen merkatuko benetako balioa estaltzen duena» eta «610.000 euroko erantzukizun zibileko aseguru-poliza» ere.

ASFALTATZE LANAK

Baztango Udaleko Tokiko Gobernuak, bertzalde, Baztango hainbat bide asfaltatzeko lanak esleitu ditu. Hiru bide asfaltatzeko kontratazio prozeduran parte hartzeko 5 enpresari luzatu zitzaien gonbidapena, eta enpresa hauen eskaintzak baloratu ondotik, hiru loteak Asfaltos y construcciones del Baztan S.L. enpresari esleitzea erabaki du Baztango Udalak. Lehenbiziko lotearen kontratuaren zenbatekoa 55.346,95 €koa da; bigarren lotearena 102.255,58€koa; eta hirugarrenarena 14.410,50€, denetan BEZ kanpo dela.

Bertzalde, Tokiko Gobernuak, bilera berean, Baztango Udalerriko Aritzakun eta Urritzate haranetan etxebizitzetako bideak zolatzeko kontratazioaren espedientea ere ebatzi zuen. Prozedurara enpresak ezberdinak aurkeztu ziren eta denen eskaintzak aztertuta, aipaturiko bideen zolaberritze lanak Jose Luis Tornaria Bengotxea S.L.ri esleitzea erabaki zuen Udalak, kontratuaren prezioa, 370.000€koa izanik, BEZ kanpo.

EUSKARA DIRU LAGUNTZAK Azken urteetan ohiko den bezala, Baztango Udalak ere Baztango Udaleko Tokiko Gobernuak euskara ikasleendako diru laguntzak ematea onartu du, , eta eskaerak egiteko deialdia zabaldu. Udalak, aurrekontuen barne dauden 8.000 euro bideratuko ditu horretarako. 2020ko irailaren 1etik 2021eko abuztuaren 31ra bitarteko ikastaroen matrikula gastuak lagunduko dira deialdi honetan.

Laguntzak jaso ahal izateko baldintzen artean, 16 urtez goitikoa eta Baztanen erroldatua egotea daude. Euskara ikasteko edo euskaraz alfabetatzeko ikastaroak estentsiboak edo trinkoak izan daitezke, bai eta barnetegiak ere. Autoikaskuntzaren kasuan Udalak eskabide bakoitzaren bideragarritasuna aztertu eta aurrekontuaren arabera erabakiko du. Eskaerak egiteko epea 2021eko irailaren 1etik urriaren 1eko 14:00ak arte izanen da.

Era berean, errotuluak, irudi korporatiboa eta webguneak euskalduntzeagatik entitateei diru laguntzak emateko baldintzak jasotzen dituen deialdia onartu zuen Udalak. 2.000 euro bideratuko dira laguntza hauetarako. Baztango elkarteen, merkataritza eta ostalaritako establezimenduen edota enpresen hizkuntza paisaia euskaratzeko helburuz emanen ditu laguntza hauek Udalak. Errotuluen kasuan: Euskara hutsean idatzitako errotulazio elementuek sortutako gastuaren % 50 bitarteko diru laguntza jasoko dute, gehienez 500 €. Euskaraz eta erdaraz idatzitako errotulazio elementuek, berriz, betiere euskarari lehentasuna emanik, egindako gastuaren % 25 bitarteko diru laguntza jasoko dute, gehienez 250 €. Irudi korporatiboaren kasuan, testua euskara hutsez jarriz gero, sortutako gastuaren %50 bitarteko diru laguntza jasoko dute, gehienez ere 120 € eta webguneen kasuan euskara hutsez sorturikoen gastuaren %50 bitarteko diru laguntza emanen da, gehienez ere 350 €. Webgune nagusia euskaraz ireki eta erabiltzaileari aldiro, hala nahi badu, hizkuntzaz aldatzeko aukera ematen dion kasuetan berriz, sortutako gastuaren % 50 bitarteko diru laguntza emanen da, gehienez ere 250 €. Eskabideak aurkezteko epea irailaren 30ean.