Uda garaia opor garaia izaten da aunitzendako, eta harat eta honat mugitzeko, herrialde edota kultura desberdinak bisitatu eta ezagutzeko baliatzen du jendeak. Azken bi udak, dena den, desberdinak suertatu dira pandemiaren eraginez, eta beharbada ohi baino gutxiago mugitu da jendartea, hurbilagoko opor guneak hautatuz eta urruneko kontinenteetarako bidaiak ekidinez. Dena den, irudimenari esker urruneko helmugak hurbil senti ditzakegu maiz. Urruneko ohiturak eta kultur mugimenduak hurbiltzeko ahalegina egiten dutenei esker, kultur aniztasuna hurbilago ikusi, entzun eta senti dezakegu.

Igandean, halako zerbait gertatu zen Elizondon. Goizean goiz, herriko xoko desberdinetatik norbanakoak eta batez ere familiak ikus zitezkeen, Iriarte pilotalekurantz oinez hurbiltzen, gehienek aterkiak zeramatzaten eskuan, euririk egin ez arren.

Ez zen kasualitatea, izan ere, Elizondoko Herriaren ekimenez, New Orleanseko aterki eta alezko apaingarri tailerra antolatua zegoen frontoian. Pamplona Jazz elkartearen eskutik antolatutako tailerra zen, Ameriketako Estatu batuetako hirian ohikoa den ekinbide bat hurbilagotik ezagutzeko aukera ederra. Adin tarte desberdinei bideraturiko ekintza izan zen, nahiz eta parte hartzaile gehienak haur ttikiak zituzten familiak izan ziren. Bakoitzak bere etxetik aterkia eramanik, Pamplona Jazz elkarteko kideek aterkiak apaintzeko material desberdina eraman zuten, eta New Orleansen egiten duten eran, norberak bere guardasola nahi bezala atondu zuen ordubete inguru iraun zuen tailerrean. Bien bitartean, Louisianako hiriari buruzko azalpenak jaso zituzten, eta musikarik ere ez zen falta izan. Urruneko hirira bidaiatu ahal izan zuten bertaratutakoek, aterkiei esker eta baita Iruña Jazz Brass Band taldeari esker ere. Izan ere, hiriburutik etorritako musika taldeak jazz New Orleanseko jazz doinuak ekarri zituen Elizondora, eta tailerra bukatutakoan kontzertu alai eta koloretsua eman zuten Iriarte pilotalekuan berean.

Ez zen hor bukatu ekimena. Izan ere, tailerrean parte hartu zutenak,apaindutako aterkiak eskuan eta Iruña Jazz Brass Banden konpainian, handik hurbil dagoen Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitzara hurbildu ziren, hesiaren kanpoaldetik, bertako egoiliarrei bisita eginez. Adinekoen egoitzako patioan zain zituzten, halaber, egoiliarrak. Poz eta sorpresa aurpegiekin hartu zuten baztandarren eta musika taldearen bisita, eta adinekoek ere ekainetik garatu duten tailerrean apaindutako aterkiak astinduz eta apaingarri koloretsuak jantzita egin zieten ongi etorria. Eguna borobiltzeko, belaunaldi guztiak bat eginik zirela, Iruña Jazz Brass Bandek kontzertua eskaini zuen bertan, denen gozamenerako.