Iraila mantxo-mantxo aitzinera doa, eta ikasleek ikasturtea hasi duten bezala, bertzelako ikastaroetan izena emateko aukera ere zabaldu da irailean, errate baterako, Giltxaurdi Udal Kirol Instalazioan. Udako azken egunak dira, eta oraindik igerilekuko estalkia jarri gabe dago, uda bukatu ez denaren adierazgarri. Dena den, udazkenera begira jarriak dira bertan. Bai lehorreko jardueretan, baita igerilekuan ere, hainbat ikastaro emanen dituzte Gitxaurdin, astelehen, astearte eta asteazkenean Baztanen erroldatutakoek aukera izanen dute jardueretan apuntatzeko. Baztandik kanpo erroldatutakoek ortzegunean (10.00etatik aitzinera) eta ortziralean apuntatu ahal izanen dute. Ikastaroak urriaren 4an hasiko dira.

Igerilekuan, haur eta helduen igeriketa, aquagym eta igeriketa eskolak antolatu dituzte. 3 hilabetero eskainiko dira ikastaroak.

Lehorreko ikastaroen artean, berriz, aerobik, spinning, boody hard, tonifikazioa, hiit-core, gorputz jarrera lantzeko ikastaroa, yoga, jumping fitness, pilates, irristaketa, eta meditazioa, erlaxazioa, mindfulness ikastaroa. Lehorreko ikastaroak neguko denboraldi osokoak izanen dira, eta toki libreak gelditzen diren jardueretan, erreserba bidez klaseka apuntatzeko aukera izanen da.

Bai igerilekukoak eta baita lehorrekoak ere urriaren 4an hasiko dira.