Iruritako dantzarien elkarteak antolatuta, Dantzari Eguna ospatu zen larunbatean. Urte guztian zehar ikasitakoa erakusteko aukera izan zuten Erreboteko plazan eskainitako ikuskizunean. Adin desberdinetako 94 dantzarik hartu zuten parte, eta emanaldi ederraz gozatu zuten bertaratutakoek

Bertzalde, Iruritako Dantzari Eguna ere bertze ekitaldi bat egiteko aprobetxatu zuten iruritarrek. Izan ere, azken hilabetean Iruritako plazan dagoen iturria eta ingurua txukuntzen aritu dira herritarrak Baztango Udalaren laguntzarekin. Helburua oinezkoen segurtasuna bermatzea eta pertsona guztien irisgarritasuna bermatzea da, batez ere adinekoek, gurpildun aulkiarekin doazenek eta haurren orgatxoek oztoporik izan ez dezaten. Lanak bukatu dituzte, nahiz eta oraindik zuhaitzak jartzea falta den.

Iruritako Dantza Eguna aprobetxatuz iturriaren 130. urteurrena ospatzeko ekitaldi bat egin zuten, lanak inauguratu eta herriko ur batzordekideei omenaldia eginez. Maribel San Jose, Kintxo Garate, Andres Elizaintzin, Igor Urrutia, Jaime Garate, Jose Mari Ripa, Xabier Ripa eta Joxe Gabriel Karrikaburuk osaturiko batzordeari Iturri zaharretik ur berria hartuko dut kantatu zien Julene Baylon Urtasunek eta katilu bana oparitu zieten. Batzordekideek iturritik ura edateko baliatu zuten.

Lan hauek, Baztango Udalaren Osoko Bilkurak, Nafarroako Gobernuaren ekonomia sustatzeko inbertsioetarako kapitala transferitzeko ezohiko funtsak baliatuta onartutako 173.441,68 euroko inbertsio-programaren baitan kokatzen dira. Lan hauen helburua espazio eta higiezin publikoen irisgarritasuna eta eraginkortasun energetikoa hobetzea zen.

Egin beharreko lanen artean, udaletxetik bertatik hasita, udaletxeko beheitiko solairuko komuna egokitzea dago, gurpildun aulkiekin ere sartu ahal izateko.

Elizondoko eta Iruritako kaleetako irisgarritasuna hobetzeko bidean, hainbat tokitan espaloietan hainbat arrapala eraiki dira.

Gainera, Elizondon, Giltxaurdi zubiaren alde bateko espaloiaren zabalera handitu da, eta Mendinueta kalean espaloi berri bat eraiki da, neska-mutilek Elizondoko ikastetxe desberdinetara egiten dituzten joan etorriak seguruago egiteko.

Inbertsioaren bertze zati bat Azpilkuetako eta Iruritako erreboteko eskoletako leihoen kanpoko arotzeria eta Baztango musika-eskolako leihoena aldatzeko izan da, eraginkortasun energetikoa hobetzeko.

Elizondoko eskola publikoaren teilatuan autokontsumorako instalazio fotovoltaiko partekatua egiteko obretarako ere erabili da diru sail bat; eta inbertsioekin amaitzeko, Elizondoko Foruen plaza bazterreko aparkalekuan auto elektrikoak kargatzeko gune bat jarri da.