Bera - Toki Ona ikastetxeko DBH 4.Bko ikasleek, Nahia Senper Mazizior irakaslearekin, Memoria historikoa landu dute. Horretarako, gelan edukiak ikusteaz gain, eskolaz kanpoko jarduerak eta proiektuak landu dituzte. Helburu nagusiak memoria historikoa lantzea, oroimen historikoa jasotzea eta hausnartzea izan dira, gizartean garai batean sendatu gabe utzi ziren zauri edo egoerak sendatzen eta sendotzen lagundu nahirik.

Institututik kanpo egindako jarduerei dagokienez, martxoaren 22an Beran barna txangoa egin zuten. Lehenbizi, Argaitzeko harrobira joan ziren eta herriko historiako “zenbait pasarte ilun” ezagutu zituzten. Ondoren, harrobitik udaletxeko plazara joan ziren eta han bertze hainbat azalpen jaso zituzten. Beran 100 familiak alde egin behar izan zutela herritik eta hiru baino ez zirela bueltatu.

‘Ezkaba 1938-2018’ erakusketan Apirilaren 1ean, berriz, Iruñea aldera joan ziren. Lehenbizi, Burlatako Kultur Etxeko Ezkaba 1938-2018 erakusketa ikusi zuten eta azalpenak Txinparta taldeko Koldo Plak eman zizkien. Duela 30 urte memoria historikoarekin konprometitutako gizona da eta gaiaz anitz daki. Hainbat gertakari, azalpen eta anekdota kontatu zizkien. Haien erranetan “hagitz interesgarriak eta hunkigarriak”. Horren ondotik, Ezkabara joan ziren Botilen hilerria ikustera eta gotorlekuko lubakietatik ibilbidea egin zuten.

Gelan taldeka proiektu bana egin dute gaiaren inguruan. Horretarako, elkarrizketak egin dituzte, informazioa lortu... Egindako lana bideo batean laburtu eta sarera igo dute. Lana Berako Udaleko nahiz Toki Ona institutuko webguneetan ikus daiteke.

Bukatzeko, ekainean Ezkabatik Urepeleko ihesaldiaren ibilbidearen zati bat eginen dute. Ibilbide hori hiru egunekoa izanen da, baina haiek egun bakarra eginen dute.