dineko erromes batek karrika Nagusia zeharkatu du alderik alde, maskorra eta musukoa, bi-biak, lepotik dilindan. Arratsalde erdian zerua beldurgarriki goibeldu, kaleko argiak berez piztu, ortotsak en-tzun eta erauntsia hasi duenean, Garestik hurbil behar zuen. Atzerriko bi turistak zapi gorri bana erosi dute Estafetan. Ohiko argazkiak hasi dira itzultzen bai Udaletxe plazara, XVIII. mendeko aurrealdea argazkiratzeko, bai zezen-plaza ondora, Hemingwayren buruari ateratzeko. Gozo-dendetan, dagoeneko, San Fermin tartak dituzte salgai. Suziri-dendetan salmentek goiti egin dute. San Lorentzo elizako eliztarrek gonbidapena jaso dute etxean 6ko, 7ko eta 14ko elizkizunetara joateko. Zinegotzi guztiek ere bai. “Lehenago, dantzariak Ziudadearen -Udalbatza- aitzinean zoazin bezperetara”. idatzi zuen Joakin Lizarraga Elkanokoak duela 200 urte inguru. Aurten, badakigu Ziudadea ez dela ofizialki joanen. Maya, ordea, hantxe izanen da, oposizioko taldeak hori eragozten saiatuko badira ere. Artzapezpikuak leku berezia gordeko dio. Oraingoz, inork ez du argitu San Lorentzo elizaren jende edukiera. Kopurua eman dute Udaletxe eta Gazteluko plazetarako. Hurrenez hurren, 400 eta 3.675 lagun gehienez batera. Unean uneko jende kopurua jakinaraziko dute panelen bidez. Ez dute erran plaza horietako bizilagunek askatasunez ibiltzeko aukerarik izanen ote duten. Hamaika udaltzain eta foruzain jarriko dituzte neurria betearazteko. Ez du itxura onik. Muturra berotuta, istiluak aise pizten baitira. Bitartean, 6an eta 7an, hiritik ospa egin edo ez. Horra, jende aunitzen zalantza. Onena alde egitea dela entzun diot zinegotzi bati, 21eko Sanferminak onenak izanen baitira, erran baitu ziur baino ziurrago. Jakina, 21ean Sanferminak ospatuko direlakoan, erantsi beharko zuen; zeren, txertoa iritsi ezean, berdintsu jarraituko baitugu.