ekez, azken bolada honetako kamioilarien protesta zaratatsua baina gauza gogaikarriagorik. Kamioi emari mugagabearen klaxon-jotze amaigabea, atzo berriz ere Zaragoza etorbidean goiti, Nafarroa Beherea harturik, hiria erdi-erditik gurutzaturik, oinezko, dendari, erosle eta bizilagun ororen belarri gaixo minberatuen kalterako. Jende emaria ere etengabea da egunotan nonahi, Eguberri bezperetan ohi denez. Aurten, bereziki, hiriko laborategi eta klinika pribatuetan, zertarako eta Gabon gaua iritsi aurretik PCR proba egiteko. Ederki kostata emanen dizute hitzordurik, dena hartua baitago. Uste izatekoa da proba horien emaitzak Osasun Departamentuari jakinaraziko zaizkiola, izurriaren bilakaeraz gehiago jakiteko bada ere. Hirian, bitartean, polizia aunitz dabil, kolore guztietakoak, karrikan edatearen debekua betearazteko, non ez den terrazetan, jakina. Hori bai, lauzpabost gazte edanean harrapatzen badituzte, berehala zabalduko dute oharra, gazte horiek izurritearen eran-tzuleak bailiran; baina, bitartean, zenbait jatetxetan gertatzen ari denari jaramon zipitzik egin gabe. Aurre hortan ere, 18 urte inguruko lau lagun harrapatu zituzten Ezkaba mendian zurrutean, eta irakur-tzeko modukoa zen poliziaren oharra, munduko terroristarik makurrenak atzeman izan balituzte bezala. Hiriak sekulan ez die gauza handirik eskaini gazteei eta, ataka gaizto honetan, are gutxiago. Etxabe eta pipote guztiak hasieratik hertsirik, ez da erraza baretzea haiengan dirakin odola. Adineko jende batentzat ere ez da gozoa. Peña, elkarte eta txoko guztiak ere itxirik, ezin lagunekin bildu mahaiaren bueltan, kontuan harturik aunitzek ia egunero erabiltzen dituztela (zituztela) gisako lekuak, edota are, erran daiteke elkarteak dituztela (zituztela) bizileku. Ez alferrik, gure hiriko bizitza sozialaren ardatz nagusietako bat baitira.