zkenean, iduri du bidegorria paratuko dela Labriteko aldapan. Aitzinapauso nabarmena autoa jaun eta jabe dugun hirian. Gainera, gero eta jende gehiago dabil txirrindulaz, eta aldi berean, gero eta bizikleta gehiago lapurtzen dira gure karriketan; zaharra izan, berria izan; gau minean izan, egun argiz izan; dela belena mehar eta ilunean, dela agerian Udaletxe edo Diputazio ondoan. Ez baita oraindik jaio bizikleta feriatu ez diotenik, ezta asmatu ere feriatzaileek hautsi ez dezaketen giltzarraporik. Hala ere, txirrindulari kopurua goiti doa, lanera joateko, kirolerako, txangoak egiteko. Horren haritik, gozamen ederra da Arga bazterreko ibilbidea. Orain, gainera, martxoaz geroztik, puskaz luzeagoa da, Aratzuritik Iberorainoko tartea moldatua baita, txukun baino txukunago moldatu ere, alde guztietatik begira: ibilbidea bera, seinaleak, bide bazterreko informazioa huntaz eta hartaz, euskararen tratamendua, zubi berri ikusgarriak, hitz batez, Loire aldeko bidegorrien mailaren pare. Tira, ez dugu hemen hango gaztelu dotore haietarik, baina ederra da zinez Aratzuriko jauregiaren itxura, erripan gora, ibai bazterreko baratze sail oparotik ikusirik. Baratze horien paretik abiatzen da, hain zuzen, bide berria, Berokizelaia izeneko igerilekuen ondotik. Ezker-eskuin, ekilore, gari eta garagar sail oparoak; azken horiek horailtzen hasiak eta, hilabeteren buruan, arrunt horailduak. Euskara XIX. mendean galtzen hasitako kolorea eta, oraindik ere, euskaldun aunitzek arrotz deritzotena, Euskal Herriaren berezko kolorea ez delakoan, mendez mende arras inguru euskaldunak izan diren arren, eta gaur egun ere -zorionez- gero eta euskaldunagoak diren arren. Hain zuzen ere, bidegorri berriak zeharkatutako herriak dira horren adibide. Sar dezagun, bada, euskal iruditerian agorraldiko gure gariei darien horaila.