Síguenos en redes sociales:

Ekarri aizkora!

Titulu honekin ederki ulertuko du, ulertu behar duenak, zergatik deitzen nien lehengoan elkarri “ijitotegi”. Azaletik beretik baitut nik arrazoi Ekarri armak izeneko liburuarekin. Eta keinu subliminal honetaz ez bazara jabetzen, irakurri Hilen Xarma liburuko epilogoa. Eta hala ere, ez bazara jabetzen, deitu nire kartzela ttipi honetara, eta erakutsiko dizut, Xabier Mendiguren editorearen “azio” fina, edo aurkezpenean Enekoitz Esnaola morroi soldatapekoak egindako zuriketa ezohikoa. Esanera den bezala: excusatio non petita, accusatio manifesta.

Igertzen nion zertsu izanen zen, baina ezetz: leitzeko! Finezia guziarekin kontatzen zuela Imanolek ETAren jardun armatuaren bukaeraren kronika. Gixajoa ni: atzenean leitu beharrean tokatu! Eta nola ez, sarrerako lehen lau lerroak pasa bezain pronto ohartu naiz, zer izanen den gainerako guzia: niretzako eta finezia apurrik baduenaren-tzako “aberrazio” izan dena “eredugarri” azaltzea. Orriz orri sumatzen baita, inguruko “melenga” guziak ETAk bere gidaritza politiko “serio eta sendo” honen arabera nola dantzarazi dituen erakutsi nahia. Inoxoa ez denak besterik ezin espero. Baina honetan nik ez bezalako inplikazioa, autoritatea eta jakituria fina duenak dio: “ia nahi ez genuen guzia lortu dugu”.

Liburuak erakutsi nahi duen beste gezur orokorra, orririk orri: ezker abertzaleak eragin duela ETA armak uztera. Inork sinistu ezin duen kontua. Eroa ez denak babaitaki ETA dela oraindik EAJ ez besteko abertzale guzien gidari. Gixajo honek azken botoa eman zion Aralar eta Patxi Zabalateran bukaera lekuko (167 or.). Baina badakigu: gure ezkerra “asanblearioa” izan da beti, behetik gotiko diktadura, barka: “herriarena”. Oraindik jende asko baitabil “herrigintzan”, eta oso fin, ez pentsa!

Ez dira asko izanen EHan nik baino panfleto gutxiago leituak. Santa Krutz aldeko pinudipe klandestino haietan, mutikotako hirulau bilera aski izan bainituen: “Hau ez duk hiretzako egina Patziku, hik hola baino umore sanoago duk, hi hola baino finagoa haiz, zoritxarrez”. Gauza berbera, Arrasaten nenbilela, leaburutar bat atxilotu eta Gestoratan ibili nintzenean; ez baitzen izaten egunik m eta pm arteko espa antzuak ito-tzen ez zuenik. Zinezko prolemak? Bost axola! Elkarren espa beti gidari. Eguneroko eta are ordueroko “tartar” antzu eta izun honetatik oso bestelako gauzetan bizi izan naiz, baina hori bai: neure paisaia afektiboa eta linguistikoa zainduz eta gozatuz. Eta esanen nuke horretxek salbatu nauela. Gure auzoan badakite. Herrian ere bai.

Politikako aparatoen ijitokeriez deus gutxi dakit, baina bertatik bertara sumatutako batzuk konta nitzake ETAren diziplina zeinen “serioa” izan den erakusteko. Bi pertsonaia inplikatu aipatzeko, Patxi Zabaletaren edo Iñaki Perurenaren bilakaera politikoa xehero aztertzea aski, ETAk jendea nola edukatu duen ikusteko. Baditut mila deitaile ETAren pistola loiloan sentitu zuenean, heriolarrian Bizi! (egin nahi dut) idatzia zuen abokatu sozialista fin eta serioaz. Baita txalet egin berrian “traidore” idatzi zioten indartsu protoeuskaldunaren bilakaera iraultzaile turistiko lukratiboaz ere. Baita pm.ko pistolero izandako bi ijito lapur energumenoren detaile polit askoak ere, gogoan ongi grabatuak. Horra ETAk utzi digun kuixidadearen ttitta batzuk, Martxelo harroak Imanol onkoteari “eredu seriotzat” pintarazi dizkionak. Horra gure ezkerra “findu” duen eskola. Liburuak orririk orri disimulatzen duena, atzenera Rufi “serioa” gidari eta estalki duela.

Bukatzeko, Hedoi Etxarti leitu berri dizkiodan Emilio Lledóren hitzok: “Pentsatzeko askatasun desiragarri horrek ez du zerikusirik nahi duguna esatea-rekin, baizik eta esaten duguna pentsatzea-rekin; horretarako behar dugu geure burua ez dadila galbideratua izan formazio sektarioengatik, hainbat eskoletan gertatzen den bezala. Eskola horien misioa ez delako gizaki askeak formatzea, baizik eta ideologia baten idazkariak, erlijio baten fanatikoak sortzea”. Ikaratu egin nauk Hedoi, aizkora sartuko ote dit fanatikoren batek burutik behera? Azkeneko Marmari leitu, eta hala zirudik Leitzan, Euskara Teknikariak ez duela beste zeriginik.