Terrazan ardo bat hartzen, bost lagun. Aurretik, gurpildun aulkian adineko agure bat, gero atso bat, eta beranduago beste bat Aulkiei bultzaka, erbestetik gurera lanera etorriak. Eta debatea ardoarekin batera zerbitzatuta. Kanpotik olatu betean datozen pertsona hauek guztiak nola integratuko ditugun gure gizartean, ezindutako gure nagusiak zaintzeko modu jasangarria ote den zahar bakoitza zaintzeko zainketa lanetarako pertsona bat, bi edo hiru edukitzea. Eta baso erdia hondarrera eraman aurretik galdera: zein ote den zaharren zaintzaren arduradun edota erantzule: Familia? Gizartea? Gobernua? Bestelakorik?

Ez dirudite terraza bateko talaiatik erantzuteko galderak direnik.

Hauteskunde kanpainan ez zela murrizketarik egongo promes egin zitzaigun. Ondoko egunotako albisteek bestelako eskenatoki batzuk aurreikusteko zantzuak ematen dituzte, ordea. Eta ez litzateke tentazio handiegia, momentu honetan pil-pilean dagoen eta pandemiaren bigarren olatua ate joka asma daitekeelarik, nagusien zaintzarako politiketan sakontzea izatea etorkizuneko lan-lerro zutabeetako bat. Hala behar duelakoan nago. Ez, hala ere, bestelako terraza batzuetako urruneko turrunek aditzera eman bezala, belaunaldien arteko harremanak kudeatu beharreko ikasgaian, dirua nagusiak bakarrik matrikulatzeko jarriko badugu.

Ez naiz sekula pentsatzera heldu, herri aurreratu batek, bere etorkizuneko politikak zehaztu behar dituenean, politika horien hartzaileak belaunaldi terminotan egin behar izatera hel zitekeenik. Hala beharko balu, espero dut bien aldeko apustua egiteko izango dela eta ez bata edo bestea aukeratu behar izateko. Zeren eta nagusien zaintza ereduak herri baten garapen mailaren erakusgarri dira, zalantzarik gabe; eta, era berean, belaunaldi berriei begirako enplegu, etxebizitza, enpresa-sustapen, ikerketa-lerro, ahalduntze programa, sormen-beka, eta belaunaldi berrien eskutik euskaltasuna garatzeko sozializazio espazio berriak garatzeko politikak aintzatestea, baita ere.