stiralean modu zoroan hasi da urte berri hau. Egunkaria har-tzen duzu eta mota guztietako albisteak ikusten dituzu, eta gizakiak deskalabruan segitzen duela hasten zara pentsatzen. Badirudi Euskaraldiaren izpirituak ezin izan duela erdaldun bat ere kutsatu. Egunotan, Euskal Herriko Gazte Orkestrak kontzertu bat eman behar zuen Gasteizko Principal Antzokian, eta bertako narrazioak Eneko Sagardoy aktorea ari zen irakurtzen. Jesarlekuetan zegoen babo baten ahotsak "Gaztelaniaz noiz?" galdetu zuen. Kontzertua hiru hizkuntzatan bazen ere baten batek euskarafobia pertsonala erakutsi behar izan zuen, kultura eta musika adierazpen publiko batean. Euskarak erasoak jasan beharko ditu aurten ere, zaudete seguru.

Urtarrilaren lehen egunetan gaude eta emakumeen kontrako indarkeriak bere hatzaparra agertu du berriz. Aizarnazabalen emakume baten gorpua aurkitu dute, eta zantzu guztiek adierazten dute bortizkeria eta indarkeriazko egoera pairatu behar izan zuela.

Urte berri honek txertoa ekarri digu. Munduko enpresa farmazeutikoak pozarren daude lortu dituzten mozkin gordinekin. Arrapaladan sakabanatu dira salbazioaren likidoaren milioika dosiak, eta milioiak eta milioiak produzituko dira herrialde aberatsenetako jendea salbu egon dadin. Orain, albistegiak txertaketa faseen presaz ari dira. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak datu batzuk ematen ditu eta Espainiako Osasun Ministerioak beste batzuk. Bitartean, Rogelia izan dela Almeriako lehena, Joakin Oviedoko bigarrena, Alfosina Valladolideko hirugarrena, eta abar eta abar. Eta badirudi txertoak gure salbazioa ekarriko duela, baina prebentzioa badakar ere, txertatutako pertsona batek ingurukoa kutsatzen segi dezake.

Eta bitartean urte berri honek konfinamendu berriak ere ekarriko dizkigu. Erresuma Batuan hala daude, eta Europako beste herrialdeak bide berean jarriko dira. Geu? Bada laster edo berandu, berdin.

Eta gainera, covid-19ak eragin handia izan du energiaren prezioetan eta horrexegatik hemendik aurrea argindarra garestiago dugu. Segituko dut?