Handiki samarra ematen du, zutabe honen tamainurako, gaurko izenburuak. Halere, zenbait euskaldunek 10 minututan informazio gaiztoei ihes-alditxoa egiteak merezi du.

Urtebete baino gehiago darama Euzko Alderdi Jeltzatzeak ENTZUNEZ ERAIKItzen. Epe laburreko arazoak eta lanak ahaztu barik, euskal komunitate sendoa berreraikitzeko begirada luzeko ahalegina eskertzekoa da, batez ere, gizarteari galdetu eta erantzunak hausnartzea delako lehen helburua.

Arlo desberdinetako adituak, euskal kezka duten herritarrak eta baita beste barik euren bizitza aurrera daramaten pertsonak ere, entzun egin dira. Elkarrizketa eta topaketa lasaietan esan eta idatzitakoak hausnartu eta Euskal Herriaren erronken gaineko lehen diagnostikoak argitaratuak daude EAJ-PNVren web-orrialdean.

Komunikabideetan sarri ikusten ditugu esaldi lodiak, norbere irizpideak eta jakingura sakontzen laguntzen ez dutenak. Horrexegatik da azpimarragarria intentzio eraikitzailez burutzen ari den prozesu hau. Merezi du egiturazko eremu eta gaiei buruz euskal herritarrek eman dituzten iritziak zeintzuk diran jakitea. Bat aipatzearren, euskal erakunde publiko koordinatuak eta gizarteari entzuteko gai direnak irudikatzen ditu euskal gizarteak eta horiexek dira, hain zuzen, adierazten diren baloreak erakundeok benetan indartsu, gaitasundun eta hurbilak izan daitezen. Horrela, identifikatu egiten dira herri erakundeen indarra eta sendotasuna nondik datozen.

Bestalde, ziurgabetasun egoera aitortuz, bere indarguneetan konfiantza adierazten du gizarteak eta euskal identitatea indartzea nahi du, horretarako euskararen aurrerabidean jartzen duelarik zeregin handi eta garrantzitsuetako bat. Aldi berean, identitate komuna sendotzen lagunduko duten zubiak eta harremanak eraiki beharko direla aitortzen du.

Egun hauetan astia izango da honelako gogoetak lantzeko. baina, Gabon Eguna gainean, bakean igaro dezazuela opa dizuet irakurleoi, kopla herrikoiak gogoan. Gabon gabian oittuten dogu guztiok afari ona; besigu legazt makailau saltsa, bakoitxak berak ahal dauna.