Bada autoa norbait harrapatu eta hiltzeko baliatu duenik, bere burua sokatik eskegitakorik, botilakada batez norbaiti kaskezurra xehatu dionik. Autoak, sokak eta botilak ez dira, haatik, inor hiltzeko eginak. Azken boladan gertakari lazgarriak izan ditugu inguruan; Lukas Agirre hernaniarra labanaz hil zuten eguberri goizaldean. Ez zen, naski, garai batean bezala gazta pixka bat mozteko edo arbolaren bat txertatzeko poltsikoan hartutako labana, asmo makurrez zorroztua baizik. Etsipen eta tristura neurrigabea. Errege ilunabarrez 14 urteko nerabe bat iztarrean sastakatu zuten Bilbon. Badago zer pentsatu, badago zer egin. Edozein gisaz, gure kaleetan segurtasun-maila gero eta eskasagoa dela diotenek oroimena lausotua dute.

Iragan mendeko laurogeiko hamarraldian ez zen giro gure kaleetan: terrorismo basatia, langabezia-tasa izugarria, heroinak pozoitutako belaunaldia. Gaur egun lasai ibiltzen garen hainbat kaletan ez zegoen bakarrik ibiltzerik eguzkia ezkutatzen zenetik aurrera, lapurretak eta bortxaketak etengabeak izaten ziren. Egun-argiz ere ongi pentsatu beharra zegoen kotxea non utzi; irrati-kasetea eserlekuaren azpian ezkutatzen aritzen ginen, edo motxilan eramaten genuen. Gaur egungo gizartean asaldagarria da emakumeen aurkako eraso kopurua, baina oraingo giroa ezin da, oro har, duela hamarkada ba-tzuk bizi izan genuenarekin alderatu.

Duela bizpahiru aste, Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Egunean, bost praktika inklusibo nabarmendu zituzten Zarautzen, Migraziorako Euskal Itun Sozialaren kariaz antolaturiko lehen topaketan. Hondurastik etorri berri diren hiru anaia deitu zituzten oholtzara. Bizileku berrian gehien zer gustatzen zaien galdeginik, txikienak, bederatzi urteko mutikoak, “segurtasuna” erantzun zuen. Ez hondartza, ez mendia, lagunak, eguraldia, hondartzako futbol lehiaketa edo eskola, ez. Segurtasuna. Zertzuk ikusi eta pairatu ote dituzte sorterrian! Badago zer pentsatu eta zer egin, bai, baina baita zer estimatu eta aintzatetsi ere.