UPNko Javier Esparza jaunak adierazi berri du Nafarroako hurrengo gobernua kolorebakarrekoa nahi duela, bere kolorekoa, jakina. Asmo bezala ulergarria iruditzen zait, azken finean hori baita alderdi guztien azken nahia. Feijóo jaunak Espainian gauza berarekin amesten du, baina bi kasuetan desira errealitatetik oso urruti dagoela iruditzen zait. UPNk norbait gehiago beharko du Nafarroako gobernua gidatu nahi badu, eta orain ez dirudi UPNren eta PPren arteko harremanak oso une erosoan daudenik; haien artean gurutzatzen diren hitzak ez dira bereziki amultsuak, balizko bikotekideari “traidore” eta “gezurti” deitzen hastea ez da elkarbizitza zoriontsura eraman dezakeen lehen urrats onena. Sayas eta García Adanero jaunen afera dute, gainera: badirudi bi gizon prestu eta leial horiek PPko zerrendetan ikusiko ditugula, plataforma ezegonkorrak alde batera utzita. Ciudadanos hil eta gero (bidez batez, aukeratu duten logo berri itsusi hori ez al da heriotza-ziurtagirik argiena?), eskuin-muturra izan daiteke makulua UPNrako? UPN, PP eta hiru letra dituen alderdi hori (emakumeak gorrotatzen dituen horixe, badakizue) Nafarroako hurrengo gobernuan?

Esparza jaunaren amets hezeena sozialistekin zerbait egitea izango da, nire ustez. Korapilatsua izango da hori, baina nork daki, Nafarroan bitxikeria handiagoak bizi izan dituzte. Inon gertatzen ez dena gerta daiteke paradisu foralean, edo beste nonbait gertatzen denaren kontrakoa. Popularrak hasi dira UPN ezkerrerantz egiten ari den biraketaz hitz egiten, balizko boto-emaileak beldurtzeko eta mundu guztiaren harridurarako (batzuek ezkerra porrusaldan ere ikusten dute). Bestaldetik, PSNk ez du UPNrekin dituen edo zituen lotura guztiak apurtu nahi izango, zer gerta ere, bikotea apurtu baino lehen bikotekide ordezkoa ziurtatzen dutenek egiten duten bezala.

Barkaidazue, irakurle nafarrok, ergelkeriak baino ez baditut idatzi: EAEko politikagintza aspergarrira ohituta (dena da aurreikusteko modukoa), zaila da politikagintza nafarraren arkanoetan sartu eta zerbait ulertzea.