Urez bete-beterik dago Lotzako aintzira, gainezka egin hurran, asteak ekarritako euri eta elur onuragarrien erakusgarri, hilabete sail luzean ia idorturik egon eta gero. Duela hiru aste doi, eguberri-urtatsetan, 18-20 graduko egunetan, iduri zuen ez genuela berriz ere elurraren zuria sekulan ikusiko gure karriketan, ezta hurbileko zein urrutiko kaskoetan ere. Orain, zorionez, errotik aldatu da dena. Laborariek diote arras ona dela elurra eta hotza bere denboran, idatzi zuen Manezaundik gerra baino lehen, …agertu baitzauku azkenean elur demontre hori, danba-danba yauts-ahala erortzen zerutik. Iruñeko San Jose plazako etxe barnetik egoten zen pinportei beha: gure gela berotik, berinetarik barne, pollit da ikustea nola lili xuri horiek dena estaltzen eta kukutzen duten. Negu gorriak, ordea, erdi-erditik amorrarazten zuen gure luzaidarra: …baina hirietan bizi girenentzat, sasoin hitsa da debru negu hau…, sasoin higuingarria…, negu beltz eta bortitza denentzat pairamena da. Bada, ilbeltzari dagokion eguraldiarekin batera etorriko zaigu aurten idazleen (h)ilbeltza, genero beltza ardatz duen ekimena, bihartik aitzina hainbat egunez, Baztango lau kuarteletan, baztandarrek berek ondua, euskal nobela beltzari loturiko hamaika kultur adierazpen interesgarri eskaintzeko. Bertzeak bertze, Lauaxetaren gaztelu baltzaren kontrako eraso bortitzaren 500. urtemugaren karira plazaratutako liburuaren aurkezpena; bertzela erranik, Jon Alonso iruindarrak gertakari hondagarri hartaz ondutako printza beltz entretenigarri eta gogoangarria, hots, Amaiur bat urtero. Egia erran, pairaezina litzaiguke urtero Amaiurkoa bezalako hondamen bat gurean gertatzea. Zoragarria da, ordea, urtero, egiazko ilbeltzean (h)ilbeltza gozatzea, bai eta Amaiurkoa bezalako ale beltz bikainik urtero irakurtzeko parada izatea ere. l